Eibartik irteera: 8:00etan
Parte-hartzaileak: Fernando, Antón, Julián, Moya, Iñaxio, Garate, Ávila, Joserra, Arrate, Roberto, MariCarmen, Agustín, Andoni, Josetxo, Julen eta Pintado.
Autoak: Josetxo, Moya, Garate eta Joserra.
Proposatutako ibilbidea, Gorbeiako mendiaren hego aldean dauden Aldaniz, Araza, Superkuz eta Berretin tontorretik igaroz, Markinan (Murgia) hasi eta bukatzen den zirkular bat da.
Markinako eliz ondotik hasi gara oinez (9:00) errepidetik beherantz eginez Ugalde errekarekin topo egin arte, gero gorantz egin dugu bere ezkerraldetik. Asfaltatutako kale batetik goaz, aurrerago porlanezko bihurtzen da, ur depositu batetik pasa eta burdinazko ate bat zeharkatu ondoren harizti baten sartu gara.
Aldamiz (826 m.) (9:35) da aurreneko heldu garen tontorra, buzoia daukat, baina ez da erraza ikusteko gutxi nabarmentzen delako. Ipar-ekialderantz jarraitu dugu harizti baten barrena, gorago, Landatxueta deritzon zelai batera irten gara, toki aproposa dirudi oreinen orroak gerta daitezen. Ostera ere harizti baten sartu gara, berriz beste garbi gunera ailegatzeko, bertatik gora eginez Araza (1139 m.) (10:30) mendira iritsi gara. Gorbeia daukagu aurrez aurre, hego aldera bista zabalak, beste mendi batzuen artean San Lorenzoko gailurra.
Norabidea mantenduz, Zaratetik Gorbeia aldera datorren pistakin bat egin (10:45) eta ezkerrera biratu dugu. Apur bat gorago (10:50) Muruatik datorren pistekin topo egin eta bertatik gorantz hurrengo bidegurutzeraino (10:55), hemen pista utzi ezkerrera egiteko, mendebalde aldera. Bidea garbia da, apur bat jaitsi eta ezkerrera jo dugu, batere ez den nabarmentzen, Superkuza (1188 m.) (11:25) tontorrera heltzeko, ez du buzoirik, harri pilotxo bat , besterik ez.
Orain eskumarantz biratu (mendebalde) eta pinuditik barna doan bidezidor batetik laster izan gara hurrengo tontorrean, Berretin (11:35) (1221 m.) . Argazkiak atera, zerbait jan-edan eta jaitsierari ekin diogu Markinara itzultzeko. Bidea oso zabal da eta mendi bizkarretik doa hego-mendebalderantz.
Argi joan behar dugu (12:15) gure ezkerrean lasterbide bat markatzen duen hito bat ikusteko , horrela, pistak egiten duen inguraketa luze bat ekidingo dugu. Berriro pistan, beste bidegurutze batean (12:45), pista utzi eta ezkerretik hartu dugu basora sartzen den bide bat, eta, besterik gabe, iritsi gara gure helmugara, Markina (13:00).
Ez dugu iturrik ikusi, arropak aldatu eta Murgiako Areso jatetxera abiatu gara bazkaltzera.
Menu nahiko zabala eskaintzen dute 13,5 €tan, errioxako eta nafar ardoekin.
Kafeak eta patxaranak Julenek ordaindu ditu pasatako bere urtebetetzea ospatzeko.Mendi jardunaldi ederra izan da gaurko, gainera ia-ia Krabelin taldeko lagun guztiok elkartu gara.