Lurraldea Araba
Mendikatea Urbasa-Entzia
Altuera 1128 m.
Kokapena 42.85091,-2.23476
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Legunbe
Ibilbidea egindako eguna 2019-05-30
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Urbasa
Ibilbidearen helmuga Urbasa
Denbora igotzen 2:00 h.
Denbora guztira 3:55 h.
Distantzia 13,5 km.
Igoera desnibela 454 m.
Jeitsiera desnibela 454 m.

Legunbeko haitza

  • Eibartik irteera: 8:00 etan
  • Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Andoni, Arrate, Joserra, Angel eta Josetxo.
  • Autoak: Joserra, Angel eta Andoni

Eibartik abiatu gara Altsasu aldera Urbasara joateko, mendatea igo eta berehala gure ezkerrean dagoen bigarren aparkalekuan (etxe baten ondoan) utzi ditugu kotxeak, bertan iturri bat dagoelako eta primeran etorriko zaiguelako itzultzerakoan.

Errepidetik jarraituz ekin diogu oinez ibilbideari (9:00), Lizarra aldera, eta, 20 bat minutu egin ditugunean(9:20), kanpinera iritsi baino lehen, bidegurutze batean eskuman dagoen errepidea hartu dugu, GR-282aren marra zuri-gorriei jarraituz.

Errepidea Guardaetxetik pasatutakoan pista bihurtzen da eta aurrerago, behin pagadi barruan, bide zabal. Markei segituz, apenas irabazten dugu desnibelik, Urbasa eta Entziako mendiak banatzen diren tokira ailegatu gara, alanbrezko hezi batek muga marrazten du, Aintanduritako gunea (10:28), seinale tantaia. Hemen eskumara jo dugu gorantz egiteko hitoekin markatuta dagoen bidezidor batetik, xenda basotik irten eta bide malkartsutik bi buruko tontorrera doa, Legunbe Mendebalde (10:49) eta Legunbeko haitza (1.128 m) (11:00). Gure aurrean izugarrizko amildegia Sakanako lautadara, eta bista ederrak Urbasa eta Aizkorri aldera.

Itzulera Gainsoil menditik pasatuz egin nahi dugu, horretarako, lehenbiziko 10 minutuetan etorri garen tokitik jaitsi gara, baina, haitzetik irtendakoan (11:15), gure ezkerrera doan, hitoekin markatuta, bidezidorra hartu dugu. Ordu bete basotik goazela, hitoak ezker aldera desbideratzen dira basotik irten eta Gainsoil (1.064 m) (12:22) mendi zabalera joateko.

Autoetara itzultzeko aurrera egin dugu norabidea mantenduz, eta poliki-poliki jaisten doan bide errazari jarraituz aparkalekura heldu gara (12:55). Ia denbora osoan basotik barrena doan ibilbide eder bat egin dugu gaur, oso desnibel gutxikoa gainera. Bestalde, behin errepidea utzita, ez dugu inor ikusi mendian.

Iturrian freskatu ostean, Kanpinera jo du zerbait edatera eta handik zuzen Otzaurteko bentara bazkaltzera. 12 €tan ematen dute menua, oso ona eta etxekoa. Ardoak ez dira hemengoak baina, prezioa kontutan hartuta, ez dago kexarik. Oso pozik irten gara denok. Kafeak eta patxaranak Pintadok ordaindu ditu bere urtebetetzea pasa berri delako.

Powered by Wikiloc