Eibartik irteera: 7:30etan
Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Garate, Javi, Fernando, Antón, Joserra, Roberto eta Agustín.
Autoak: Julián, Antón eta Fernando.
Proposatutako ibilbidea Villafría de San Zadonil herrixkatik abiatuta, Revillallanos, Valdelamedia eta Santa Anako tontorretik igarotzen den zirkular da, gero, GR-286 bide markatuari jarraituz abia puntura itzultzeko. Ibilbide osoa Valderejoko Parke Naturalaren barruan dago.
Villafríako aparkalekuan ekin diogu gaurko txangoari (9:00), belardi zabala gurutzatuz hego-mendebalderantz. Goi aldean, erromara bat aurkituko dugu, gurutzatu eta norabideari eutsi, gutxi zehaztutako bidezidorretik. Pixka bat gorago, bide zabalago batera irtengo gara, gure eskuman, ur-depositu bat ikusiko dugu (9:12). Bidezidorretik jarraitu eta 150 bat metro hegoalderantz doan bide zabal batera iritsi gara. Villafría aldera joateko seinaleak dituen zutoin bat ikusi dugu (9:28).
Puntu horretan, bidea utzi eta eskumatik bidezidor bat hartu dugu (bidarria (hitoa), markatzen). Bidezidorraren zati batzuk inguruko landaretzarekin ia estalita dagoenez, adi ibili behar da senda ez galtzeko. Bidea, pagadi baten sartutakoan, argitu egiten da, eta bertatik segituz goi gandorrean dagoen, Cantiportilloren lepora iritsiko gara. Gaurko lehen gailurra gure ezkerrean daukagu 350 bat metrotara, ezpelez josita dagoen gandorretik tontorrera ailegatu gara, Revillallanos (1297 m) (10:02). Ez dugu egun garbirik eta bistak ez dira nahi genituzkeenak.
Argazki batzuk atera eta Cantiportilloko lepora itzuli gara.
Bigarren helburura iristeko, aurrera egin behar dugu kordeletik, ipar-mendebalderantz, landaretzaz estalitako bidezidor bati segituz gailurrera ailegatu arte, Valdelamediana (1.223 m.)(11:00).
Orain, Santa Ana leporaino jaitsi behar dugu, antzeko ezaugarriak dituen, bideari jarraituz. Bide zabal batera irten gara (11:32), bertan denok elkartu eta zerbait jan-edan egin dugu. Bidea siga-saga eginez jaisten aipatutako lepora garamatza (11:48).
Euri ari duenez, batzuk Vilafríara zuzen itzultzea erabaki dute, besteok Santa Ana tontorrera abiatu gara, horretarako, ezkerrerantz egin eta mendebalderantz doan pistatik 100 bat metro egin ditugu, hemen zutoin batek bidea markatzen du, puntara 15 minutuetan heltzen da, Santa Ana (1.039 m.)(12:03). Lepora itzuli eta GR-286 (Artzaintzaren bidea) hartu dugu zuzen eta erraz Villfríara bueltatzeko (12:50).
Ibilbidea ez da izan denon gustukoa, batez ere euria gaitik eta bideak ezpelez itxita zeundelako, horren ondorioz denok blai-blai eginda bukatu dugu.
Herrixkan dagoen iturrian eta askan garbitu eta arropak aldatu ditugu.
“Ruta de Europa” jatetxera jo dugu bazkaltzera. Menua oso zabala da , aukera askorekin. Errioxako ardoa eta gorri nafarra barne duela, 13,45 €tan dago. Patxaranekin eta kafeekin 15,55etan jarri zaigu.










