Eibartik irteera: 8:00etan
Parte-hartzaileak: Fernando, Anton, Julián, Moya, Iñaxio, Garate, Ávila, Joserra, Arrate, Angel, Andoni, Josetxo, Julen, Maricarmen, Roberto, Agustin, Txurruka, Jabi eta Pintado.
Autoak: Angel, Joserra, Julen, Andoni eta Moya.
Oraingoan zeharkaldi bat egingo dugu, normal den, ibilaldi zirkular baten ordez. Bi arrazoi dauzkagu erabaki hau hartzeko; bat, irteera eta helmuga artean dagoen distantzia motza, eta, bi, zirkular egiteko ikusi ditugun eragozpenak, batez ere, errepideaz asko ibili beharko litzatelako.
Aukeratutako mendiak, Atxarre eta Ogoño ez dute altura handirik baina, bista izugarri ederrak dauzkate.
Urdaibaiko badiaren eskuma-aldean dagoen Kanala auzotik ekin diogu gaurko txangoari (9:05) marra zuri-horiekin eta, baita, marra gorri-zuriekin markatutako porlanezko pista batetik. San Martin ermitara heldutakoan , pista utzi eta alboetan gurbitzak dituen bidea hartu dugu.
Lautada batera iritsita , apur bat aurrerago, bidegurutze batean (9:40) (seinale tantaia), ezkerrera hartu eta aldapa motz baten ostean Atxarren gaude (312 m.) (10:00), tontorrean dagoen San Pedro baselizatik bista zoragarriak Urdabai aldera. Denbora bota dugu paisaiaz gozatzen.
Azkeneko bidegurutzera itzuli eta Akorda auzo aldera doazen markari segitu diegu. Aurrerago, BI-4236 errepidea gurutzatu eta Alika baserri ondoan (10:30) ezkerrera jo dugu pista batetik jaisteko BI-3234 errepidearekin topo egin arte. 150 bat metro gorantz egin eta Gendika auzora iritsi gara (10:50), berriz egin dugu ezkerrera eta aldapa piko bat igo ondoren Elentxabeko hilerrira ailegatu gara (11:10).
Hemen, hilerriko pareta ondotik gorantz egiten duen (marra zuri-horiak) porlanezko pista hartu dugu. Galtzeko aukerarik gabe bidegurutze batera iritsiko gara (seinale tantaia) eskumara hartu eta harri arteko bidezidorretik , pintura zuri- horiei jarraituz, laster gara tontorrean Ogoño (11:35) (305m). Argazki batzuk egin eta igo garen tokitik itzuli gara bide zabalera.
Adi!!. Jaisterakoan kontuz ibili behar da gorantz ekarri dugun, eta ondo markatuta dagoen bidea, ez galtzeko. Konturatu barik, erraz har dezakegulako eskumarantz.
Berriz bidegurutzean (12:10), eskumara biratu Talaiako begiratokira joateko. Hemendik ere bista paregabeak.
Etorri garen tokitik itzuli gara hilerrira (13:05).
Freskatu eta arropak aldatu ditugu. Gero, zuzenean Ispasterrera abiatu gara Herriko Tabernan bazkaltzera. Kanpoko terrazan zerbait edan eta jantokira.
Hasteko hiru plater eta hiruretik jan dezakegu eskaintzen dute, bigarrena aukeratzeko. Etxeko postre batzuk aukeran ere. Menua 12€tan dago, baina, kanpoko edariekin, eskatu ditugun urteko ardo bereziekin, gehi kafeak eta patxaranak, 19 €tan gelditu da. Pozik irten gara.
Gaur, parte-hartzaile ikuspuntutik egun berezia izan da, taldeko errekorra bete dugu 19 lagunekin , oraindik gogoratzen gara bi edo hiru lagun batzen ginen txangoekin. Poza ematen du taldea handitzen ikusteak.
Aupa Krabelin taldea!!!!