Eibartik irteera: 8:00etan
Parte-hartzaileak: Fernando, Antón, Julian, Moya, Iñaxio, Garate, Ávila, Joserra, Arrate, Roberto, Mari Carmen, Jabi, Andoni, Josetxo, Julen eta Pintado.
Autoak: Jabi, Anton, Fernando eta Roberto.
Proposatutako ibilbidea Pagomakurren hasi eta bukatzen den zirkular bat da. Atxular zulotik pasako gara, Itxinako mendigune karstikoa zeharkatu, Altipitatx eta Gorosteta mendietara igo eta Arrabako zelaietatik igarota hasierako puntura itzuliko gara.
Pagomakurreko aparkalekutik hasi gara oinez (9:10) mendebalderantz doan eta izeidi baten sartzen den bidezidor batetik. Basotik irtendakoan Itxinako harkaitzak egiten duten pareta ikusten da, ezkerrera jo dugu (9.30) zuzen igotzeko aurrean daukagun haitzetara. Aldapa piko bat igota, Itxinara sartzeko ate berezia den, Atxularreko zulora iritsi (9:45) eta zeharkatu dugu. Bidarriekin markatuta hego alderantz doan bidezidorretik jarraitu eta Lexardi txabolatik (10:10), eta izen berdineko iturritik (10:15) igaro gara. Gure aurrean , apur bat eskuma aldera, Altipitatxeko tontorra dakusagu, bidarri batzuk bide zuzena aukeratzen laguntzen digute, horrela iritsi gara Altipitatxeko (1171m.) (10:40) tontor harritsura.
Gorosteta aldera joateko, igo garen tokitik egin dugu beherantz 30 bat metro, eta hemen, ezkerretara jo, ekialdeko aldetik jaisteko. Bidarri batzuk eta pintura gorrien arrastoak ditugu bidea markatzen. Lehenengo pagoetara ailegatutakoan ezkerrera jo, eta bidarrekin markatutako bidezidorra jarraitu behar da. Toki askotan sastrakekin estalita dagoenez zaila egin zaigu jarraitzea. Erreferentzia moduan, bi torketik igaro behar dugu. Aurrerago Neberabarri aldera markatzen duen seinale tantaia ikusi eta kasu egin diogu. Lurzoru garbira irten eta gorantz egin dugu Arranoatxa eta Ipergorta artean dagoen lepo belartsura igotzeko, gero zelaitik ezkerrera jo eta harri artetik gora egin dugu tontorrera ailegatzeko, Gorosteta (1229m.) (12:00).
Igo dugun bidetik jaitsi gara berriro lepora, behin hemen, ezkerra jo eta harriekin markatutako bidezidorretik, harkaitz artetik pasa ondoren, Arrabako zelaietara iritsi gara. Hau zeharkatu eta ezkerrerantz hartu dugu Pagomakurrera doan pista zabala, 13:25 ailegatu gara.
Freskatu, aldagarriak jantzi eta Diman dagoen Baltzola Jatetxera abiatu gara bazkaltzera. Menua nahiko zabala da, errazioak handiak , etxeko janariak, ardoa, baina, korrientea. Menua 10 €tan, kalitatearen eta prezioren arteko erlazioa oso ona.