Eibartik irteera: 8:00etan
Parte-hartzaileak: Fernando, Julian, Iñaxio, Garate, Ávila, Joserra, Pintado, Julen, Mari Carmen, Roberto, Arrate, Angel, Anton, Moya eta Andoni.
Autoak: Anton, Fernando, Garate eta Julian.
Irteera honetan Armañongo parke naturala bisitatuko dugu. Jarrios mendiaren inguruan sai-zuri talde handi bat bizi denez, habiak egiteko eta umeak hazteko garaian (Martsoak 1etik Irailak 15 arte) debekatuta dago bertatik ibiltzea.
Turtziozko Basinagre auzoan ekin diogu gaurko txangoari (9:30), auzoaren amaian PR-BI-120ren marra zuri-horiak dauzkagu eta beraiei jarraituko diegu ia ibilbide guztian.
Bide zahar batetik gorantz egiten hasi gara eta laster pista zabal batera heldu (9:40) eskumara hartu eta berehala (9:42) ezkerrera. Hasieran bidea pinudi batetik doa , gero artadi baten zehar eta gorago, Jorriosko eremu karstikoan sartu gara, mendiaren magaletik egin dugu aurrera, pinturei segituz, harri artean El Remendón lepora iritsi arte (11:30). Hemen marrak utzi eta eskumara egin dugu haitz barrenetik gorantz egiteko , bidarriak dauzkagu bidezidorra markatzen, Jorrios (11:55) (839m.). Argazki batzuk atera eta igo garen bidetik itzuli gara lepora.
PR-BI-120ren pinturak berreskuratu eta hego-ekialdera egin dugu zelai zabaletatik zehar hurrengo helbururantz , mendi bizkarrean txarrantxa-hesi bat ikusi eta gure eskuman izan dugu bide puska batean.
Lepo zabal batera ailegatutakoan PRko marrak ezkerrera egiten dute mendi magaletik, guk gorantz jarraitu dugu mendi bizkarretik, Los Parapetos(12:50) (854m.) menditik pasa eta berehala gaude tontorrean Armañón (12:55) (856m.).
Mendi bizkarretik jarraituz 200 bat metro, hego-eki alderantz, ekin diogu jaitsierari. Alanbrezko hezian pasa-leku bat bilatu behar dugu ezkerrera egiteko (13:10) eta beherantz jo dugu otadi mardul bat zeharkatzen dugula. Otadia pasatakoan, gure ezkerrean ikusi dugu PR-BI-120a doan pista zabala. Zelaietatik zehar behera egin dugu metalezko ate bat begiradan daukagula, bertan marra zuri-horiak berreskuratu ditugu.
Marrei jarraitu diegu, eta Cueto auzora iritsi baino apur bat lehenago marrak utzi eta gure ezkerretara pista zabal bat hartu dugu (14:05). Pista honi jarraituz, ia bukaeran, goranzko eraman dugun bidearekin topo egin eta eskumarantz eginda Basinagre (14:40) auzora jaitsi gara.
Aldatu eta agudo abiatu gara Hotel del Valle de Turtziosaren jatetxea, hirurak pasa dira eta gure zain dauzkagu. Gose gara eta zuzenean mahaira. Menua laburra, hiruna plater aukeratzeko eta postreak. Kalitatea nahiko ona, 12 €tan ardo errioxarrak barne dituela. Angelek ordaindu ditu kafeak eta kopak bihar bere urtebetetzea delako, “Zorionak” kantatu diogu.
Mendi ekitaldi ederra izan dugu eta bereziki ederra kontutan izanda gehienok ez genituela mendi inguru hauek ezagutzen.