Lurraldea Bizkaia
Mendikatea Itxina
Altuera 1312 m.
Kokapena 43.06740,-2.79497
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak <>
Ibilbidea egindako eguna 2015-04-21
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Urigoiti (Orozko)
Ibilbidearen helmuga Urigoiti (Orozko)
Denbora igotzen 3:45 h.
Denbora guztira 5:50 h.
Distantzia 14 km.
Igoera desnibela 1160 m.
Jeitsiera desnibela 1160 m.

Lekanda

Goizeko 8etan daukagu hitzordua Untzagan, Angelek eta Moyak kotxeak dakartzate, Garatek, Pintadok, Julianek eta Andonik osatzen dugu taldea. Udaberriko eguna daukagu, nahiko fresko goizaldean baina gero ibilaldia mahuka motzetan egingo dugu.

Autopistaz goaz Bilbo aldera, gero Altuberantz jotzeko, Orozkon irten eta Urigoiti auzora abiatu gara, han aparkatu eta oinez hasi, goizeko 9:00ak dira.

Gure aurrean dauden Itxinako Atxak aldera joan behar dugu, Gorbeiako parke naturalean sartzen gara, laster (9:20) , bidegurutze batean eskumara beherantz suabe doan bide zabal bat hartuko dugu, Aladabide iturburura eramango gaitu(9:35) , han kanal bat hasten da (eskumarantz doana), bere ondotik doan bidea hartu behar dugu. Horretarako bi aukera ditugu, bat, iturburua zuzenean zeharkatu (marka zahar batzuk badaude) edo, bi, bidezidor aldapatsu batetik igo iturburuari buelta emateko goitik eta aurrerago kanalera jaisteko. Harritzen du jakiteak ubide hau ez zela inoiz erabili.

Ubide ondotik jarraituko dugu errekatxo batera ailegatu arte, apur bat aurrerago etxe-aterpe ikusiko dugu, errekatxoa eskumara utziz ezkerrera joko dugu aldapa luze eta gogor bat igotzeko. Itoak eta marra gorri zahar batzuk doazen tokitik komeni da joatea bidea errazteko, horrela iristen gara Itxingoteko lepora (11:05).

Lurra harrizkoa bihurtzen da eta pagadi zabal baten sartuko gara norabidea mantenduz, Altipitxat mendia ezkerrean utziz, hitoak galdu gabe, bideak Kargaleku.ko lepora eramango gaitu. (11:40). Bidea ez da erreza izan, dena harri artean eta gora-behera askokin. Hemen gelditzen gara apur batean zerbait jan eta edateko.

Mendi bizkar ondotik doan bidezidor batetik joanda, laster iristen gara Arteta.ra (1.192 m) (12:15), bizkarra jarraituz beste lepo batera jaitsiko gara (12:27) , handik Lekanda (1.312 m) (12:45) aldera jotzeko. Bidea ez dago garbia zenbait tokitan, baina eguraldi ona lagun eta hito batzuei esker nahiko erraz heldu gara. Tontorretik izugarrizko ikustaldia daukagu, Gorbeia, Anboto, Aizkorri, etab.

Argazkiak atera eta mendi-bizkarrez gure aurrean (Ipar-sartalde) Igalirrintza tontorrera jotzen dugu, hemendik aurrera bide-zidorrari jarraituz, beti beherantz, Atxulau.reko atera (13:50) ailegatuko gara. Nahiz eta ezaguna izan beti harritzen gaitu toki eder honek, argazkiak atera, eta zeharkatzen dugu bideari beherantz jarraitzeko, handik behera bidea lurrezko eta zabala da, iturri baten ondotik igarota, besterik gabe heltzen gara Urigoitira (14:50). Oraingoan auzora iritsi baino pixka bat lehenago atsedenleku baten gelditzen gara (mahaiak eta iturria), txoferrak autoen bila bidaltzen ditugu.

Bazkaltzera Orozkora joan ginen, beldur ginen bazkalduko ote genuen, ze iritsi orduko ia 15:30ak ziren. Arrugaeta jatetxean 13,5€ etan menua eskaintzen digute krianza eta kafearekin. Bazkari ona, oihalezko mantela eta eskuzapiak, zerbitzu ere ona, patxaranekin 14 € pertsonako. Oso toki gomendagarria, kalitate-prezioa, berriz, bikaina. Gasolina eta autopistak gehituz 22,5 € eguna.

Powered by Wikiloc