Kurutzebarri aldera joateko goizeko 8:30etan batu gara Julian, Angel eta Andoni, azken honen autoan abiatuko gara Urkulu presa aldera. Eguna zoragarria dator, hotz egiten du goizean baina oso ona datorrela iragarrita dago. Eta horrela gertatu zen.
Deba bailara lainopean egon arren, Urkulura ailegatutakoan bertan eguzkia da jaun eta jabe . Goroeta baino pixka bat lehenago, 500 bat metrotara edo, errepide ezkerrean, aparkaleku bat ikusiko dugu, komunak ere badaude, han aparkatu kotxea eta errepide beste aldean dagoen pinudiren eskuman dakusagun bidea hartuko dugu gorantz abiatzeko. (9:20).
Bideak , ia-ia pista dena, ez du seinalerik baina beti gorantz doan aukera hartu behar dugu, badaude ere bidezidorrak har ditzakegunak azkarrago joateko, iturri baten ondotik pasako gara (9:51), eta bideari jarraituz laster txabola batekin topo egingo dugu, hemen ezkerretatik doan bidezidorra hartuko dugu, garbi gorantz doana, txabola gure eskumatara utzita. Bide honek, basoa zeharkatuz, mendi bizkarrera eramango gaitu (10:10). Arboladia bukatuta, hemen dena da harria eta belardia, bidea oso erraza, bizkarra hartu eta ez utzi ia Kurutzebarriko tontorreraino iritsi arte (1.113 m) (11:08).
Elorretako tontorra hegoaldera daukagu eta bertara joateko bi aukera daukagu, bata, haitz ginetik zuzenean, eta bestea, zelaira jaitsi eta eskumatik , haitzak ezkerretara utziz , berehala Elorreta.ko tontorrean gaude (11:30). Bertan atsedena hartu y ohiko argazkiak atera genituen.
Ekarri dugun norabideari jarraituz goitik behera hasiko gara eta Apotzako lepora iristen gara, gure eskumara Aranguren mendia, gure aurrean Aitzkorri ikus dezakegu, lepotik ezkerretara joanda txabola bat dago, honi buelta eman eskuman lagata eta zelai aldapatsu bati goitik behera zuzenean ekingo diogu, 200 bat metro beherago lurrezko pista bat hartuko dugu eskumara eta pista honi jarraituz pagadi baten sartuko gara, bidea ez dugu utziko gasaren hoditeriak utzitako bidea ikusi arte. Gasaren bidetik joko dugu zuzen aldapaz behera eta horrela ailegatuko gara, Degurixatik datorren bidearekin bat eginda, Arbe erreka zulora, Arbeleko txabolen ondora (12:15).
Urkulurako bidea erreza da, Arbe erreka ondoko bideari jarraitu, markatuta dago. Ugaztei pasa eta gero, bi aukera ditugu, pistari jarraitu edo lehengo bide zaharrari segi (marrak), gu bigarrena aukeratu genuen, baina, erreka ondotik doanez eta negua izanda, oso bustia eta labainkorra aurkitu genuen. Beste arazorik gabe Urkulun aparkatuta genuen kotxeraino iritsi ginen (13:25).
Bazkaltzera etxera etorri ginen.