Lurraldea Araba
Mendikatea Elgea
Altuera 1192 m.
Kokapena 42.96475,-2.48252
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Saiturri
Ibilbidea egindako eguna 2019-10-03
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Araotz (Oñati)
Ibilbidearen helmuga Araotz (Oñati)
Denbora igotzen 2:08 h.
Denbora guztira 5:30 h.
Distantzia 16,8 km.
Igoera desnibela 1065 m.
Jeitsiera desnibela m.

Aumategi

  • Eibartik irteera: 8:00etan
  • Partie-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Pintado, Andoni, Garate eta Josetxo
  • Autoak: Garate eta Iñaxio

Araotzetik (Oñati) ekin diogu gaurko txangoari. Eliza ondoan dagoen bolatokiaren atzeko aldean aparkatu ditugu kotxeak eta errepidetik gora eginez hasi gara oinez (8:40). Azkeneko baserrian bukatzen da errepidea eta pista bihurtu, bertatik aurrera egin dugu, lehenengo bidegurutzean (8:53) zuzen egin dugu (Ugaztegira doan bidea eskuman lagata), hurrengo bidegurutzean eskumatik eta apur bat aurrerago erdiko bidetik (8:59). Azkeneko bidegurutzetan hitoen arrastoak ikusi ditugu bidea markatzen. Garai batean asko ibilita zegoen bidezidorra oraingoan oso itxita aurkitu dugu, toki batzuetan, zuhaitzak erorita direla eta, lanak pasatzeko. Bidezidorrak pista batera garamatza, eta gorantz hartu dugu.

Pistatik gora goazela nahiko laua den toki batera iritsi gara, jadanik atzean utzi dugu, gure eskuman, Andarto Txikiren harkaitz haundia, bide bazterrean gure eskuman hito bat dago (9:35) basotik gora bidezidortxo bat markatzen duela, bertatik igo eta bide zabal batera ailegatutakoan ezkerrera, laster (9:35) gure eskumatik gora, ondo markaturik, doan bidezidor batekin bat egin dugu eta berari jarraituz, Degurixako sarrera den, Ezateko lepora, iritsi gara (9:56).

Degurixako sarrera eskuman laga eta gorantz jarraitu dugu pagadi barrenetik, laster Gazteluko Haitzakin topo egin eta eskumatik inguratu dugu gorantz segitzeko. Sigi-saga eginez goaz, perretxiko bila, oso gutxi.

Basotik doan igoera eroso honen ostean, belartsu den Elgeako mendilerroaren bizkar gainean aurkitu gara, bertan eolikoak eta Aumategi (1.192 m) (10:48) tontorra. Giro ederra, behe laino batzuk baina bista garbiekin.

Degurixa inguratzen duen ibilbidea nahi dugu egin orain; horretarako, Elgeako bizkarra utzi eta, Ipar-mendebaldean , Degurixaren ezker aldean eta Mugarriluze mendiaren eskuman dagoen, Aizkorri harrizko mendira abiatu gara. Belardietatik jaitsi gara hasieran gero, harri artean sartu, eta harkaitzetik gora egin azkeneko aldapa bizkarretik erasotzeko, igoera ez da zaila, Aizkorri (1.132 m) (11:48).

Ekarri dugun norabidea mantenduz ekin diogu jaitsierari mendi bizkarretik jarraituz, Degurixara doan pistekin bat egin arte, behin pistan eskumara hartu eta bertatik egin dugu aurrera, ahal den eta altuera gutxien galduz, Arlutzera igotzeko aldapa belartsuekin topo egin arte, aldapatxoa igo eta berehala gaude harrizko tontorrean, Arlutz (1.129 m) (12:24).

Degurixara jaitsi gara mendiaren beste aldetik, bidetxo batek erraz eraman gaitu beheraino.

Zelaiak zeharkatu ditugu Andartoko norabidean (Ekialde), gero eskuman laga eta Kontrasta lepora igotzeko, handik beherako bideari ekiteko. Bidegurutze batera heldutakoan (seinale tantaiak), txabola bat ezkerrean lagatzen duen bidetik jo dugu (Ugaztegiko norabidean). Bideak poliki egiten du gorantz baso barrenetik, eta zelaietara ailegatutakoan, behera, Santikrutz baselizara.

Jaitsierekin jarraitu dugu norabidea mantenduz, bidegurutze zabal batera iritsi arte, hemen eskumara biratu kanal gainetik, baina berehala utzi behar da, bere ondotik, ezkerretik, paralelo, beherantz doan bide zabal bat hartzeko, ez du porlanik (kanala lauda da, aldapa gabekoa, eta markatuta dago, ez da gure bidea). Bide honek eroso jaisten gaitu Araotzera (14:10). Bertan Lizarriturri daukagu zain , bere ibilbidea egin du eta gurekin bazkaltzeko asmokin etorri da.

Frontoi ondoan dagoen iturrian freskatu eta, Oñatiko bidean dagoen, Urtiagain tabernara jo dugu bazkaltzera. 12 €ko menua, etxeko bazkaria, ardo korrienterekin. Ondo dago. Iñaxiok, urteak bete dituelako, kafeak eta patxaranak ordaindu ditu .

Powered by Wikiloc