Gaurko txangoak Araba aldera garamatza, goizeko 8etan batu gara Untzagako plazan, Julianek eta Angelek dakartzate autoak, Garate, Pintado eta Andoniz gain gaurkoan Arrate ere animatu da etortzera. Autopistaz abiatu gara Gasteiz aldera gero Kuartangora jotzeko, Arriano auzoa da gure abiapuntu. Herrixka hau Arkamu mendi lerroak inguratzen du eta 8 lagun soilik bizi dira bertan. Goizean fresko egiten du baina haizerik ez dabilenez egun atsegina izango dugu mendirako.
Herrixka amaitzen den tokian (9:05) pista bat hartuko dugu gure eskumara, seinalea dago, laster ate-sare bat zeharkatuko dugu eta, ur depositua gure eskuman utzita, pistari jarraituko diogu gorantz Pozo del Portillo.ko atakara ailegatu arte (9:45). Gure aurrean Las Charcas deritzon belardi lau eta zabal bat agertzen da, kareharrizko mendiez inguraturik. Gure asmoa inguratzen duten mendi hauetatik zeharkaldia egitea da. Horretarako atakan bertan eskumara joko dugu gorantz , hitoak daude, Peña Colorada.ra (1.141 m) igotzeko, berehala gaude bertan (9:55). Behean irteten garen Arriano herrixka eta Kuartango harana ikusten ditugu, sakanaren erdi-erdian Marinda mendia.
Zelaiaren erdigunera abiatuko gara (hego-sartalde), Nabazua putzu ondotik pasatuko gara eta norabidea mantenduz Coronas eta Repico mendi artean dagoen leporantz joango gara, bide/pista zabal bat da bertatik igarotzen dena, lepora iritsi baino apur bat lehenago bidea utzi eta ezkerretara joko dugu, pagadi txiki bat zeharkatuko dugu hasieran, eta laster izango gara harrizko tontor zabalean Coronas (1.174 m) (10:25), atzera egin behar dugu etorri garen bidetik lepora joateko, bertan gaudenean eskumara hartuko dugu harrizko aldapa suabe batetik (hitoak), harriekin egindako piramide baten ondotik pasatuko gara Repico tontorrera iritsi baino lehen( 1.194 m) (11:00). Atsedena hartu eta argazki batzuk ateratzen ditugu.
Jaisteko, hasieran aurrera egingo duguekarri dugun norabidea mantenduz, beherantz doan bidezidorren baten bila (hitoak), laster eskumara egingo du sastraka artean beheko zelaira, bidexka (ez oso garbia) Repico.ko kobazulo ondotik pasatzen da. Ez da luzea, erraza sartzeko eta ez da behar linternarik. Artzainen abaroa izan dela dirudi.
Jaisten jarraitzen dugu beti eskumarantz joanez (hego-sortalde) ordokian sartzeko, baina Pozo del Portillo.ko ataka gure bizkarrean utziz eta beregandik aldenduz. Laster atakatik datorren pistarekin bat egingo dugu eta berari jarraituz ur putzu artifizial batera helduko gara, pistari jarraituz putzuari itzuli erdi eman da gero, bidea utzi eta ezkerretara joko dugu Kruzetako igoerari ekiteko, ez dugu bide garbirik baina bai hito batzuk harri artean, Kruzeta (1.179 m) (12:15).
Ur putzutik aurrera joan bagina 300 bat metro aurrerago, gure eskumara, La Molina kobazuloa ikusiko genuen, aho handia du eta kanpotik ikus daiteke.
Kruzetatik Pozo del Portillo.ko atakara itzuli behar dugu, horretarako ordokira jaitsi gabe mendiz mendi, joango gara, gure eskumara Kuartango sakaneko amildegiak ditugula, laster ikusiko dugu Ruziribai.ko begia (Bujero orao), beldurra ematen du bertatik amildegira begiratzeak.Mendi bizkarretik jarraituz laster gaude Pozo del Portillo.ko atakan, hemen lehen ekarri dugun bidea hartuko dugu Arriano.ra jaisteko(13:20). Bertan iturria daukagu garbitzeko.
Gaur ere Ruta de Europa jantokira joan gara bazkaltzera, beti bezala ondo. Kafeekin eta bi patxaran 14,5 € bakoitzena.