SARRERA:
Maiatzak 30ean Eibartik irten gara goizeko 7etan hiru egunetarako eta bakoitzean mendi bat igotzeko asmokin, (Urkulu (1), Ortzantzurieta (2) eta Adartza(3)). Hamaika lagun joan gara egitasmo honekin, Ángel, Pintado, Roberto, Mari Carmen, Garate, Joserra, Iñaxio, Julian, Moya, Joserra eta Andoni, azken hau 30ko arratsaldean elkartu da. Taldea Lizarriturrik osatzen du baina honek bere programa du eta bere kabuz ibiliko da.
Josetxok eta Robertok jarri dituzte autoak, Andonik 3.a baina ez haranzkoan. Lizarriturrik berea bere kontura doalako.
Lehenengo egunean zuzenean joan ginen Orbaitzetako Olara bertatik egiteko lehenbiziko igoera.
Ostatua Aurizberriko Haizea etxean hartu dugu, pentsio erdia 50€tan/pertsonako. Gela onak eta erosoak. Armosuak ederrak. Afariak ondo. Zerbitzuarekin eta kalitateekin gustura atera ginen.
Lehenengo eguneko bazkaria etxetik eramandakoekin egin genuen zabalik dagoen Azpegi-ko aterpean. Bigarren egunean Orreaga-ko Casa Sabina-n menua , 14 €tan, ondo, gero ostatura itzuli ginen bertan kartetan jokatzeko zerbait hartzen genuen bitartean, batzuk geletara deskantsatzera. Azkeneko egunean Haizea ostatuan, menua 12 €tan, kafeekin 14 €. Aukera gutxi eta errazio txikiak.
- Irteera: Luzaide
Zortzietan gosaldu eta Lizarriturriri agur esan da gero, bera Beillurti (1.113 m) mendira doa, Luzaidera abiatu gara, autoak eliza ondoan dagoen frontoian aparkatu eta oinez hasi garenean kanpaiak 9:00ak jotzen ari ziren.
Ekarri dugun norabidea mantenduz goazela gure ezkerrean gorantz doan lehenengo asfaltatuko errepidea/pistatik jo dugu, Azoleta auzora daramagu. Gero errepideak behera egingo du berriz gorantz hartzeko inguruko baserri guztietara iristeko, guk beti gorako aukera hartuko dugu azkena den Putiko baserrira iritsi arte, bere atarira heldu baino metro gutxi lehenago ezkerrera lurrezko pista batetik gorantz egin dugu (9:45), denbora gutxira gure ezkerrean belarditik zuzen gora doan bidezidor bat ikusiko dugu (9:55). Bide oso pikoa da eta bizkor garamatza goiko muinora, Zelaieta (933 m) (10:40), izerditan blai eginda ailegatu gara.
Orain goi-belardietan gaude eta gure aurrean garbi ikusten ditugu aurrean Mendimotxa eta Adartza apur bat eskumara. Hurbilketa xamur baten ostean, berriz aldapa gogor batetik gora egin behar izan dugu, bide nabarmenik gabe, Mendimotxa (1.224 m) (11:20) tontorreraino. Gero, mendi bizkarrari jarraituz igoera erraz baten ondoren Adartza-ra (1.250 m) (11:45) heldu gara. Bertan dauden harrizko aztarnak erromatarren eraiki batena ei dira.
Behera egiteko berriz Mendimotxa aldera abiatu gara, baina oraingoan gure ezkerrean utziko dugu eta ahal den bidezidor errazenak aukeratzen Ehunsaroi (12:30) lepora jaitsi gara.
Pista ezkerrera hartu dugu beherantz jarraitzeko, pistak jirabira luzeak eginez, beti Mendimotxa ezkerrean duela, berriro Azoleta auzora eraman gaitu, Putiko baserrira eraman gaituen errepidearekin bat egin dugunean behera hartu dugu baina lehenengo baserrira iritsitakoan errepidea utzi eta bide batetik ezkerretara egin dugu behera (marrak zuri-berdeak) erreka zuloraino eta bideari segituz, oraingoan gorantz, ezaguna den Gaztainondo Izugarria ikusiko dugu (13:50), hemendik autoetara berehala ailegatu gara, Luzaide (14:00).
Herrian pare bat iturri dauzkagu, oso ondo datozkigu garbitzeko arropak aldatu baino lehenago. Bazkaltzera Hazea ostatura joatea erabaki dugu. Hemendik zuzenean Eibarrera.