Lurraldea Nafarroa Beherea
Mendikatea Baigura
Altuera 897 m.
Kokapena 43.29048,-1.29290
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak <>
Ibilbidea egindako eguna 2017-05-10
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Bidarrai
Ibilbidearen helmuga Bidarrai
Denbora igotzen 2:25 h.
Denbora guztira 4:15 h.
Distantzia 13,6 km.
Igoera desnibela 981 m.
Jeitsiera desnibela 981 m.

Baigura

  • Eibartik irteera: 7:00etan
  • Parte-hartzaileak: Pintado, Andoni, Julián, Garate, Roberto, Mari Carmen, Josetxo, Iñaxio, Angel, Javi Escudero
  • Autoak: Garate eta Iñaxio

7:00etan Eibartik atera eta A-8 hartu dugu Baionarantz, Kanboko irteeratik Bidarrai aldera jo, herrira doan zubia pasatu eta kilometro bat egin baino lehenago gure ezkerretara aparkatu ditugu kotxeak etxe batzuen ondoan, bertan rafting egiten denaren seinaleak. Bidean gentozela euri zaparradak izan ditugu, egun aproposa hartu dugunaren ere duda egin dugu.

Martxan hasi ordurako (8:45) konturatu gara guardasolak erabili egin beharko ditugula. Oinez hasi gara Haltzamendi aldera markatzen duen seinale bati kasu egiten, honek errepide batera garamatza, bukatzeraino igo behar dugu. Bi bidezidor dauzkagu apur bat mozteko (9:05) y (9:10). Momentu batzuetan euria areagotu egiten da, Angelek, aterki gabe etorri denez, autoetara itzultzea erabaki du. Ehun bat metro falta zaizkigula azkeneko baserri ailegatzeko, errepidea utzi eta ezkerretara jo dugu (9:35), beti gorantz hartuko dugun bide batetik, laster Haltzamendi tontorrera doazen marra horiekin bat egingo dugu, baina azkeneko partea, marrak utzi eta zuzen gandorretik egin dugu, Haltzamendi (813 m) (10:15). Igoera oso entretenigarria izan da; alde batetik, guardasolak eten gabe zabaltzen eta ixten joan behar izan dugulako (batzuetan euriak oso gogor jardun du), eta bestetik, denbora osoan gure buruen gainetik helikoptero bat izan dugulako jirabiraka (agian jendarmeriakoa) . Behin tontorrean biek utzi gaituzte, bai euriak bai helikopteroak. Hemendik aurrera oso egun ederrekin gozatzeko aukera izan dugu.

Aitzinera egiteko Ipar aldera jo dugu mendi bizkar gainetik, beti ere bide egokienak bilatzen haitzak saihesteko, lehenengo Laina (869 m) (10:50) menditik pasa gara, gero antenaz beteta dagoen Baigura (897 m) (11:10) tontorrera heltzeko. Zerbait jan-edateko haizetik babesteko tokia bilatu behar izan dugu.

180ºko itzulia eman eta etorri garen bidetik hasten gara bueltatzen, oraingoan mendi bizkarretik joan barik mendi magaletik, gailurrak gure ezkerretara utziz, horrela Haltzamendira doan bidearekin bat egin arte, gero behera etorri garen tokitik, Bidarrai (13:00).

Bazkaltzeko muga zeharkatzea erabaki dugu, Etxalar-era jo dugu, Vasque jatetxera. Oraindik badaude harritzen gaituzten tokiek!. 11€ko menu baten, lehenengo urdaiazpiko plater batzuk atera dizkigute zain gauden bitartean, eta apenas egon behar dugun zain, oso zerbitzu ona delako. Hasteko entsalada eskatu baduzu, aurretik sopa eder eta bero bat ateratzen dizute. Gurekiko bik babak eskatu dutenez, denok jateko beste babak ipini digute aurrean, eta azkenean, entsaladak etorri direnean denontzako beste ere bazegoen. Bitarte horretan Antonio ugazaba gure inguruan gure bazkariekin arduratuta. Ardo gorria nafarra. Bigarren platerak antzeko. Kafeetara eta patxaranetara ailegatutakoan, oso hotz ekarri digun botila mahai gainean utzi digu, nahi dugun beste edateko. Dena 12 €tan jarri da. Nota ipintzekotan, neurritik kanpo jarri beharko genioke, apartekoa.

Powered by Wikiloc