Eibartik irteera: 7:30etan
Parte-hartzaileak: Iñaxio, Garate, Pintado, Javi, Moya, Fernando, Joserra, Josetxo, Arrate, Julian eta Andoni.
Autoak: Andoni, Julian eta Javi
Proposatzen den ibilbidea Etxelarren irteera eta bukaera duen zirkular bat da.Mendi lerro batetik igo gara, Lutxon erreka eta, Lizarrietako lepora doan, NA-4400 errepidea gure eskuman lagata, eta beste batetik jaitsi gara, orain ere, biak gure eskuinean utzita.
Etxalarko sarreran dagoen aparkalekutik abiatu gara (8:40) eta ia herri osoa zeharkatu dugu NA-4400 errepideari jarraituz. Errepideak Tximista erreka zeharkatzen duen tokian (8:49) ezkerrera egin dugu porlanezko pista batetik gorantz, lehenengo bidegurutzean (9:05), eskumatik segi eta baserri bat pasa ondoren, hurrengo bidegurutzean (9:28), berriz ere eskuinetik. Berehala, Obispogana (9:37) deritzon lepora iritsi eta han, Lizarrietarantz doan GR-11 (marra zuri-gorriak) hartuko dugu, errepidera iritsi baina, metro batzuk bertatik eginda, laster utziko dugu (9:51), berriz GR-11tik jarraitzeko, hau ere laster laga dugu (9:58) ezkerretik jarraitzeko Idoeta mendia gure eskuman uzten dugula. Gure ezker aldean Lizarrieta lepoa ikusi eta 10:05ean ailegatu gara bertara.
Gure helburua aurrez aurre daukagu, bide nabarmen bati jarraituz erraz iritsi gara tontorrera Ibanteli (698m) (10:40). Azkeneko aldapa honetan onddo batzuk biltzeko aukera izan dugu. Pasaiaz gozatu eta berriz itzuli gara Lizarrietara.
Hemen GR-11tik segi dugu, Usategietako bentatik igaro eta Lakainganako lepora iritsita (11:54)(seinale tantaia) , GR-11 utzi eta marra zuri-gorriak beherantz jarraituz Etxalarrera ailegatu gara (12:40).
Garbitu eta freskagarri bat hartu ondoren, La Basque jatetxera joan gara bazkaltzera, gainezka dauden platerak ateratzen dute 12 €tako menuan, ardo nafarrak eta kafeak barne. Beti bezain pozik irten gara.