SARRERA:
Abuztuko 31n irten ginen Eibartik Izaba aldera goizeko 6:30etan, hiru egunetan hiru mendi igotzeko asmoaz, (Lakhura (1), Auñamendi-Anie (2) eta Barazea-Sardekagaña (3)). Taldeak 9 parte-hartzaile ditu Angel, Pintado, Roberto, Mari Carmen, Garate, Joserra, Txurruka, Iñaxio Abanzabalegi eta Andoni, taldea Lizarriturrik osatzen du, baina berak bere programa pertsonala du eta bere kontura ibiliko da egunero. Julianek antolatu zituen ibilbideak baina azkenean, emaztearen osasun arazoengatik, ezin izan du etorri.
Autoak, Joserrak, Robertok eta Andonik ekarri dituzte. Lizarriturrik berea darama, bere kabuz ibiliko delako.
Txikin hartu dugu ostatua, pentsio erdia 39 € dira egunean pertsonako, Ekainean baino 2 € gehiago. Afarietan edan ditugun patxaranak, ez dira asko izan, ez dizkigute kobratu. Zerbitzu eta arreta onak izan ditugu.
Lehenengo egunean “Rincón de Belagua”n, etxetik eramandako janaria bazkaldu genuen; 2.ean menua hartu genuen Juan Piton (12,5 €, kafeekin eta patxaranekin 15€), nahiko txarto; eta azkeneko egunean, Hotel de Isaban (15€, kafeekin eta patxaranekin 15€), oso pozik atera ginen kalitateekin eta zerbitzuekin.
- Irteera Ernazeko lepotik (Piedra de San Martín): 7:55 o.
Erreza ez bada izan ere, lortu dugu gosaria goizeko 7etan izatea, dirudienez, Txiki Ostatuko Diegori ez zaio asko gustatzen goiz jaikitzea. 7:55etan Ernazeko lepoan geunden, urtero “Hiru behien zerga” ospatzen den tokian, 262 zenbakidun mugarri ondotik asten da Arlas aldera doan bidezidorra. Hitoei jarraituz gure ezkerretara utziko dugu Arlas mendia, bere iturri ondotik pasa (gaur apenas ur haritxo bat) eta Pescamou lepora iritsi gara (8:35). Goi-laino batzuk mendi tontorrak estaltzen dituzte eta giroa eder bat, ez beroegi, oparitzen digute.
Hitoek eta marrek (zuri-horiak) garbi adierazten dute Auñamendirako bidea. Mourlong mendia gure eskuman usten dugunean, bidegurutze batera ailegatu gara (9:05). Pinturazko marrak ezkerrera doaz, “frantsesen bidea” delakoa markatzen, guk gero hortik itzuliko gara, baina orain, aurrera joatea erabaki dugu, Auñamendi aldera zuzen doazen hitoei jarraituz, horrela labirinto karstikoan sartuko gara eta Larrako harri pitzatuen barna murgildu.
Hitoei segituz eta haitz artean ehun gora eta behera egin ondoren, Auñamendi oinetan, “frantsesen bidea”rekin topo egingo dugu (10:40), hemen berreskuratzen ditugu marrak zuri-horiak, tontorrera iristeko azkeneko aldapari aurre egitea falta zaigu bakarrik, Auñamendi (2.504 m) (11:00). Lainoak desagertu egin dira, paisaia garbi gure inguruan, eguraldia ezin hobea, zerbait jan-edan eta atseden hartu dugu. Txurruka bakarrik falta zaigu puntan, gu bidean utzi eta Mourlong (2.045 m) mendia egitera joan delako.
Jaitsieraren hasiera ekarri dugun bidetik egin dugu, baina, lehen pasatutako bidegurutzera ailegatutakoan, “frantsesen bidea” hartu dugu (marrak zuri-horiak), ondo markatutako bide hau Auñamendi eskuman duela bere magaletik behera egiten du, Anies lepora iritsi arte (12:05), bidegurutzea, Lescun aldera doan bidezidorra utziko dugu gure eskumatara, eta gu ipar aldera biratuko gara, Arlaserantz hartzeko.
Markei eta hitoei jarraituz Arlaseko oinetara iritsiko gara. Itzulia aprobetxatuz, Pintadok Mourlong mendia igo du eta Garatek Arlas.
Ernazeko lepoan denok batu gara (14:25). Nahiko animatua dago autoz eta pertsonez.
Juan Pitora joan gara menua jatera.
Arratsaldean Lizakin topo egin dugu , itxura denez mendian galduta ibili da, baina , kostata izan bada ere, lortu du bere helburua, Larratza mendia Urzainkitik igota.