Eibartik irteera: 7:30etan
Parte-hartzaileak: Fernando, Iñaxio, Andoni, Pintado, Julian, Arrate, Anton eta Agustin.
Autoak: Andoni eta Julian.
Egunak luzatzen hasi direla eta, urruti daudelako egiteke dauzkagun mendietara joatera animatu gara. Gaurko Iparraldean dagoen Artzamendira abiatu gara. Artzamendi Lapurdiko mendi garaiena da eta Nafarroa Behereekin egiten du muga.
Itsasun dagoen Latxia auzora abiatu gara. Latxia errekak bi mendi lerro dauzka alde banatan, bere ezker aldean Mondarrain mendia da garrantzitsuena eta eskuin aldean Artzamendi mendia da garaiena. Haranaren buruan, alde biak banatzen eta Nafarrokin muga egiten, Aratxeko lepoa (Col de Veaux).
Oinez hasi gara (9:15) hego-ekialderantz hartuz, azkeneko etxea pasa eta berehala eskumara jo (9:18) pista batetik gorantz egiteko. Gaurko ibilbide osoa ondo markatuta dago marra horiekin. Horrela, soilik toki bereizgarrienak aipatuko ditugu.
Bidegurutze nahasi batera iritsita (9:45), ezkerretik jarraitu behar da erreka aldera jaisten poliki, gero gorantz egiteko Mondarrain (10:45) (746m.) tontorrera iristeko.
Aurrera jarraituz (pintura horiak) hego aldera Zuharrete lepora iritsi gara (11:15), GR-10aren marra zuri-gorriak ere bertan, hauek ere, horiak bezala, Aratxeko (Col des Veaux) lepora doaz baina ez mendi bizkarretik. Guk marra horiei segi diegu mendi gandorretik. Bizkailuze eta Gorospil muinotik pasa eta bere izeneko lepora jaitsi gara (11:15), marrei jarraituz Aratxeko lepora (Col des Veaux) (12:25) ailegatu gara, Nafarroa eta Iparraldea batzen dituen bidegurutze garrantzitsua.
Marrei jarraituz Mehatseko lepora iritsi gara (12:25), hemen, eskumatik Bidarray aldera doan GR-10 (marra gorri-zuriak) utzi eta gorantz egin dugu asfaltatuko pistatik tontorreraino, Artzamendi (13:10) (926m.). Argazkiak egin, paisaiaz gozatu eta beherantz jo dugu Latxia aldera ipar magaletik, marrei segituz. Elur apur bat daukagu hasieran.
Ondo markatutako bidetek Latxiara iritsi gara (14:55). Aldagarriak jantzi eta Itsasura jo dugu guk etxetik eramandako anoa jatera. Andonik eta Antonek kafea eta ardoa, Agustinek eta Arratek postreak ekarri dituzte.
Gaur ibilaldia nahiko luzea eta desnibel handikoa izan arren oso ederra da Iparraldeko mendietara dauzkan ikuspegiagatik.



















