Lurraldea Gipuzkoa
Mendikatea Hernio-Pagoeta
Altuera 717 m.
Kokapena 43.22642,-2.17159
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Pagoeta
Ibilbidea egindako eguna 2020-06-12
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Orio
Ibilbidearen helmuga Zarautz
Denbora igotzen 2:30 h.
Denbora guztira 5:00 h.
Distantzia 18,8 km.
Igoera desnibela 825 m.
Jeitsiera desnibela 825 m.

Murugil-Pagoeta

Eibartik irteera: 8:11tan trenez Oriora

Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Josetxo, Arrate, Julen, Agustín, Angel, Javi Ávila, Roberto, Joserra, Periko eta Andoni.

Moya bazkarira etorri da.

Koronabirusaren konfinamenduaren hasieran pentsatu genuen astero 5 €ko kaxa ipintzen joatea, horrela, bukatutakoan, aukera izango genuelako aparteko ospakizun bat egiteko. Konfinamendua hamar aste luzatu denez 50 €ko kaxa bildu dugu pertsonako. Beraz, behin EAE barruan mugitzeko debekua jaso denean erabaki dugu bazkari berezi bat egitea Izeta sagardotegian ( Zarautz-Aia) . Aukera honek trenez egiteko moduko hurbiltze ematen digu eta, honela, ez daukagu inor txofer izatera zigortzen.

Zirkular hau aukeratu dugu, Orio-Olarteta-Murugil-Pagoetako Kurutzea-Urdaneta-Zarautz.

Trena hartu Eibarren 8:11 eta oinez hasi gara Orioko geltokitik (9:20) Zarautz aldera doan errepidetik, 100 bat metro ibilitakoan hau lagatzen dugu ezkerrera jotzeko G-3161 errepidetik, bertatik ordu laurden ibilita (9:40), beste errepide estu bat hartu dugu gure eskumatik. Bidegurutze batera iritsitakoan, non errepideak ezkerrera jotzen du, hau utzi eta eskumatik jo dugu (10:00). Hurrengo bidegurutzean (10:10), zuzen egin dugu bide zabal batetik, Sorabe baserria ezkerrean eta errepidea eskuman utzita, honela, modu errazean Aia herrira iristeko.

Aia zeharkatu dugu, gorantz, ekarri dugun norabidea mantenduz, eta Pagoetako bidea markatzen duen seinale-tantaia topatu dugu (10:40). Bide hau hartu eta hurrengo bidegurutzean (11:05) marra zuri-horiei segitu diegu (eskuman utzita Pagoetako seinalea). Bideak goi belardietara igotzen gaitu, gero apur bat beherantz egiten du baso baten sartzeko, basora ailegatutakoan ate-sare bat daukagu (11:20), hau pasa eta, bertan, bidea laga eta gure eskuman gorantz doan bidezidor bat hartu dugu. Lurzoru gorabeheratsuetatik igota iritsi gara tontorrera, Olarteta (714 m) (11:35).

Arratsalderako euria daukagu iragarrita baina momentuz egun garbia eta argitsu daukagu, bista zoragarriak mendi zein itsas aldera.

Orain mendi bizkar gainetik abiatzen gara, suabe beherantz, (Mendebalderantz) zelai zabaletik zehar, hurrengo helburura hurbiltzeko. Gure ezkerrean izei baso bat utzi eta laster gaude buzoian, Murugil (717 m.) (11:52). Mendi bizkarretik jarraitu dugu jaisten ,orain Ipar-mendebalde aldera, Pagoetako Kurutzera (676 m.) (12:05) heltzeko.

Urdanetara jaisteko, marra zuri-horiekin markatuta dagoen bidetik (GR-GI 4002) abiatu gara (Mendebalde), hasieran bidea txabola batera jaisten da eta gero Urruztumeko Puntan (678 m.) dagoen geodesikoren ondotik pasa gero belardietatik behera egiteko. Hurrengo bidegurutzean (12:38), marrei kasu eginez Urdaneta aldera segi dugu modu errazean iristeko (13:05). Taberna bateko terrazan jarri gara ardotxo bat edatera. Gerotxoago bideari berrekin diogu, orain errepidez, Izeta sagardotegiraino (13:40). Bertan bazkaldu dugu.

16:55tak dira berriz martxan jarri garenean Zarautzera jaisteko, geltokira heltzear garela gogoz hasi du euria. (17:55)

Powered by Wikiloc