Lurraldea Araba
Mendikatea Urkilla
Altuera 1246 m.
Kokapena 42.94172,-2.36543
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak
Ibilbidea egindako eguna 2021-04-14
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Arantzazu
Ibilbidearen helmuga Arantzazu
Denbora igotzen 2:05 h.
Denbora guztira 4:00 h.
Distantzia 13,2 km.
Igoera desnibela 700 m.
Jeitsiera desnibela 700 m.

Malkorra

  • Eibartik irteera: 8:30etan
  • Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Pintado,Fernando, Josetxo, Arrate, Joserra, Agustin eta Andoni.
  • Autoak: Fernando, Joserra eta Andoni

Proposatutako ibilbidea zirkular bat da, Arantzazutik irtenda, Urkila mendilerrotik igaro eta, ondoren, Urbiatik pasata, abiapuntura itzultzen dena.

Arantzazura iritsi, zeharkatu, azkeneko “Sindika” tabernatik ondotik pasa, eta pistatik segi metalezko ate batera iritsi arte, han aparkatu ditugu kotxeak.

Urbiara doan bidea ezkerrean utzi eta, bere eskuman, beherantz doan pista bat hartuta hasiera ematen zaio ibilbideari (9:20). Pista, Urkullu errekaren ibilgurara jaisten da, gero bere ondotik egiten du gorantz mantso-mantso, margo zuri-horiek markatzen dute bidea.

Gure eskuman jarri behar dugu arreta, eta pago batean margo horiak soilik ikusitakoan, “Zurruntz” ere seinalatuta dago (9:38), pista utzi, eta eskumara jo dugu pagaditik gorantz egiteko, marra horiei segituz.

Gorako bidea leuna da eta, margo horiak lagun, nabaria. Laster (9:45), bidegurutze batean, margo zuri-horiak ikusiko ditugu berriro, hauei muzin egin, eta ezkerretara pixka bat biratuko dugu marra horiei jarraitzen segitzeko. Bideak Zurkuntz lepora igoko gaitu (10:30). Elgeako mendilerroa eta Urbia bitartean dagoen Urkilako mendilerrora iritsi gara.

Mendi bizkar osoa GR-121eko (Gipuzkoako itzulia) pintura zuri-gorriekin markatuta dago. Ezkerrera hartu, Urbia aldera, eta berehala igo gara Zurkuntz tontorrera (1.214)(10:40). Aizkorri aldera, gure ezkerrera, bista ikusgarriak.

Norabideari eutsiz, mendi bizkarra utzi babe, Zabalanegiko lepora jaitsi eta, ondoren, Napar Basoko Puntara (1.225 m.)(10:53) igo gara. Puntu horretatik, Hego-ekialdera begiratuz, Malkorra mendiaren gailurra garbi eta argi ikusiko dugu, egiten ari garen kordalaren apur bat eskumara.

Napar Basoko Puntatik jaitsi eta GR-121ari (margo zuri-gorriak) segitu diogu, baina laster, Oburu den hurrengo mendira igo gabe, GRa utzi eta eskumara hartzen da (11:15), ondo zehaztutako bidetik Malkorraren (1.246 m.) muturrera iristeko (11:25). Arabako lautadaren gaineko ikuspegi zabalak.

Berriro itzuli behar garenez GR-121era, etorri garen tokitik bueltatu gara, baina oraingoan ere, ez gara Oburura igoko, gure ezkerrean laga, eta bere eskumatik doan bide zabal eta lau batetik Burdingurtze lepora ailegatu gara. Seinale tantaia.

Urbira aldera markatutako bidea hartu dugu, zelaietara heldutakoan ezkerrera egingo dugu mendi-hegaletik aurrera eginez. Bidezidorra oso erabilia da eta, Urbiako fonda gure eskuman utzita, Elorrolako lepora iritsi gara( 12:30). Hemendik, bide normaletik Arantzazura jo dugu. (13:20). Horrela bukatu dugu lau orduko ibilaldi ederra eta erosoa Aizkorriko mendizerraren ondoan.

Murrizketek Arantzazun bazkaltzea eragozten digutenez, Elgetara abiatu gara, Lola jatetxera. Han, Moya, Javi, Anton eta Xabier gehitu zaizkigu otordura. Etxeko menua 11,5 €tan eskaintzen dute, kafea barne. Urteko ardo berezia eskatu dugu aparte eta patxaranak gehituz 14,5 €tan gelditu da pertsonako. Pozik irten gara Prezio/kalitate erlazioarekin.

Powered by Wikiloc