Eibartik irteera: 8etan
Parte-hartzaileak: Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Josetxo, Arrate, Agustín, Javi Ávila, Roberto, Mari Carmen, Joserra eta Andoni.
Autoak: Roberto, Javi eta Andoni.
Gaurko egitasmoa Iturrieta mendilerrotik zeharkaldi bat egitea da. Done Bikandi Harana herrian (San Vicente) hasi eta Kontrastan bukatzeko. Sei tontorretik pasako gara, beraien artean Abitigarra da altuena. Kotxe bat Kontrastan utzi dugu bukatutakoan txoferrak eramateko.
Done Bikandi Haranatik ekin diogu ibilbideari (9:25) ipar aldera doan errepide batetik, GR-282ren (Artzaintzaren naturbidea) marra zu-gorriei jarraituz, laster (9:43) errepidea utzi dugu ezkerretara jotzeko, Santa Teosasiara doan bidea gure eskuman lagata. Berehala, hurrengo bidegurutzean (9:46) ezkerretik abiatu gara bide zabal batetik pagadi eder batetan sartzeko. Igotzen segitzen dugu bideak aukeratzen ditugula norabidea mantentzeko (Ipar-mendebalde), mendi gailurrera iritsi arte, bertan daukagu gaurko lehen tontorra, Lezaundi (1.147 m.) (10:15).
Hemendik aurrera mendi gangor ondotik Ekialdera doan bidezidorretik egingo dugu ibilbidea, tontorrez -tontor goazela. Bide gehiena pagadi izugarrietatik barne egin dugu, gerizpe ederrean, eta goi-belarditatik zehar Santa Teodosia baselizaren inguruan. Hemen zerbait jan-edateko gelditu gara eta, bide batez, bere lizar berezia (23 metroko altuera) eta izen berdineko trikuharria miresteko.
Abitigarra (1.165 m) (10:33), Santa Teodosia (11:02), Txandi (1.151 m.) (11:32), Aldako atakatik pasa gara (11:41), Sombrerete (1.138) (11:55), Kapitate (1.119 m.) (12:06), pista utzi eta eskumara mendi gangorra berreskuratzeko (12:38), Ilarratza (1.142 m.) (12:43).
Gangor ondotik Ekialdera doan bidezidorretik jarraituz antenara iritsi gara. Jaitsierari ekiteko, antenaren ezker paretaren ondoan dagoen hesia zeharkatu eta pagaditik behera egin dugu, ezker aldera jetsiz aukera erosoenak bilatzen, bide zabal batekin topo egin arte, behin bidean, hartu eskumara eta aparteko arazorik gabe, modu erosoan, iritsi gara Kontrastara (13:30).
Iturriak dauzkagu, bai Kontrastako plazan baita ere Done Bikandiko plazan.
Done Bikandin dagoen Obekun jatetxera jo dugu bazkaltzera. 12€tan daukate menua, ardo beltza erroxakoa eta gorria nafarra. Paperezkoak dira mantela eta eskuzapiak . Pozik irten ginen. Joserrak ordaindu ditu Kafeak eta patxaranak bere urtebetetzea ospatzeko.