- Eibartik irteera: 8:00etan
- Parte-hartzaileak: Josetxo, Julián, Iñaxio, Garate, Pintado, Ángel, Roberto, Mari Carmen, Joserra, Julen eta Agustín.
- Autoak: Julen, Joserra eta Garate.
Eibartik abiatu gara goizeko 8:00etan Arabako, Aiala bailaran dagoen, Okondo herrira joateko. Gure helburua ibilaldi zirkular bat egitea, Beraskola/Bikirrio, Odoibaltza eta Bortaun mendietatik pasatuz. San Bartalome plazatik ekin diogu txangoari 8:54etan, Jandiola auzora doan asfaltatutako pista hartuaz.
Laster desegingo diren behe-laino batzuk haranean, tenperatura ederra ibiltzeko.
Arantzazu baserriak pasa ondoren (9:21), pista utzi eta ezkerrera jo dugu, bide zabal batetik joateko. Bidea pinudi barrenetik doa, toki batzuetan pinuak botatzen ari dira, agian aspaldian zabaldu den gaixotasunegatik. Pista zabal batera iritsi garenean (9:44), eskumara egin dugu eta mendi magaletik jarraitu dugu mendebal aldera. Aurrerago, (9:55) ezkerrera Z handi bat eginez tontorrera hurbilduz. Nahiz eta pistak eskumara egin, guk zuzen jo dugu (10:04) tontorrera bidezidor batetik, Bikirrio (671 m) (10:11), mendia Beraskola izenekin ere ezagutzen da.Ohiko argazkiak atera ondoren, norabidea mantenduz, Odoibaltzako lepora jaitsi gara (gure ezkerrean ia erorita dagoen baserri bat).
Lepo honetatik gure bigarren helburu den mendira igotzen hasi gara, aldapa oso pikoan (%25) majo izerditu gara puntara ailegatzeko, Odoibaltza (691m) (11:10). Bista ederrak Salvada mendi lerro aldera, aurrera jarraitu baino lehenago zerbait ja-edan eta argazki batzuk atera ditugu. Mendi bizkarretik behera egin dugu, hego-ekialderantz, lepotxo batera heldu eta bizkarretik berriz igotzeari ekin diogu, lar artean sartuta nekez ibili gara, gero konturatu gara pinuditik errazago zegoela. Bortaun (705m) 11:45 tontorra larrez inguraturik dago eta bista eskasak ditu.
Jaisten hasi gara Okondora itzultzeko, aurreko lepotxora bueltatu gara, oraingoan pinuditik joanda (11:55), eskumara jo eta Bortaun mendia inguratu dugu iparretik. Bidegurutze batera heldu garenean (12:04) aurrera egin dugu , berehala, hurrengoan (12:11), eskumara hartu eta San Sebastian baselizara iritsi gara, pista zabal batetik joanda A-3641 errepidera jo dugu, 1,5 km falta zaizkigu Okondora (13:13) iristeko.
Herriko plazan dagoen iturrian freskatu eta zuzen joan gara bazkaltzera Mesón Okondora, bertan, jan aurretik, aperitibo hartu dugu. Gehiena etxean egindako janaria daukate, ona eta asko atera digute. Menua 10,8 €tan, urteko ardoekin 13,7€. Kafeak eta kopak Angelen kontura, laster bere urtebetetzea delako. Denok ados hemen oso ondo jaten dela esateko orduan.