Lurraldea Araba
Mendikatea Altzania
Altuera 1118 m.
Kokapena 42.89563,-2.25799
Ikusi Google Mapsen
Ikusi OpenStreetMapen
Mendiaren beste izenak Hiru muga
Ibilbidea egindako eguna 2019-03-28
Ibilbidearen tracka Deskargatu
Ikusi Wikiloc-en
Ibilbidearen abiapuntua Leze (Araia)
Ibilbidearen helmuga Leze (Araia)
Denbora igotzen 1:37 h.
Denbora guztira 5:05 h.
Distantzia 18,2 km.
Igoera desnibela 915 m.
Jeitsiera desnibela 915 m.

Arbarrain

  • Eibartik irteera: 8:00etan
  • Parte-hartzaileak: Josetxo, Julián, Garate, Pintado, Andoni, Agustín eta Joserra.
  • Autoak: Andoni eta Josetxo.

Eibartik abiatu gara Leze kobazulo aldera (Ilarduia-Egino, Araiatik gertu) Altsasutik pasata. Bertako parkinean kotxeak utzi eta 9:00etan hasi gara oinez erreka aldera jaitsiz, hau gurutzatu eta aurrean dugun harrizko paretara doan bidezidor bat hartu dugu. Laster, bidea markatzen dituzten marra zuri-horiak ikusi ditugu, eta hauei jarraituz harrizko paretan sartu gara, Leze gure eskuman lagata. Harkaitzetik barrena doan bidea oso pikoa da, baina ematen duen baino errazagoa, ondo dago markatua, hitoak ere badaude lagungarri. Ordu erdi pasatxo oinez daramaguenean (9:37) marrak utzi eta zuzen (hitoak) egin dugu gora, goiko miradoreraino, gure oinetan, inguruko urak Leze kobazulora isurtzen dituen itzelezko hobia daukagu. Ur hauek, kobaren beste aldean, Artzanegi errekaren iturburu bihurtzen dira.

Gorantz jarraitu dugu mendiaren gangorra gure ezkerrean daukagula, eta berehala bat egin dugu behetik ekarri ditugun marrekin. Hauei segituz erraz ailegatu gara Aitzandia-Olano (1.083 m) (10:05) mendi tontorrera. Eguraldi zoragarria daukagu, baina inguruko mendi altuenak lainoz estalita daude, Aratz, Berian, ..

Ipar-ekialdean, Arbarraineko punta ondoan dagoen izugarrizko antena ikus dezakegu, harantz abiatzeko ekarri dugun norabidea mantenduz jaisten hasi gara, baina, 50 bat metro ibili eta gero, gure ezkerrean dagoen bidezidor bat hartu dugu zuzen behera egiteko (Ipar aldera) Olano deritzote zelaietara jaisteko, Aiztxiki mendi zorrotza gure eskuman lagata. Hemendik aurrera erraz egin dugu bidea tontorrera Arbarrain (1.118 m) (10:37).

Itzuliko bidea Zirauntza errekaren iturburutik pasatuz egin nahi dugunez, zirkular luze bat egin beharrean gaude; horretarako, mendebalderantz behera egin dugu marra zuri-hori batzuei jarraituz (erdi ezabatutako marra zuri-gorriak ere badaude-GR-121-1), alanbrezko hesi baten ondotik. Lepo batera ailegatutakoan (11:33) (40 minutu daramagu ibiltzen puntatik irten garenetik), marrak utzi egin behar ditugu Aratz-San Adrian aldera doazelako, eta ezkerrera hartu. Horrela, gure eskuman joan gara lagatzen Umandia mendiaren harrizko itzelezko paretak. Adi, marrei jarraitu bagenie Umandia gure ezkerrean legoke.

Orain gora-bera asko dituen pista zabal batetik goaz, apenas galtzen dugu altuera, gure ezkerrean Martinen txabola utzi eta hurrengo bidegurutzean, ia Umandia atzean utzi dugunean, ezkerrera hartu dugu (12:05), pista honi jarraituz Zirauntza errekaren iturburura iritsi gara (12:37). Argazki batzuk atera eta gero, ezkerrera jo dugu (12:47) eta GR-25 (marra zuri-gorriak) bideari jarraituz (Ekialde) arazorik gabe Leze kobazulora heldu gara (13:55), handik autoak dauden parkinera (14:05).

Batzuk iturrian eta besteak errekan freskatu ondoren, Araiara joan gara Umandi jatetxean bazkaltzera. Toki honetan aukera zabaleko menua eskaintzen dute, etxean egindako jakiekin eta plater ederrekin. 12,5 €ko menuak, kafea eta urteko ardoak (Gorri nafarra eta Arabako Errioxako beltza) barne ditu, ezin zaio gehiago eskatu, oso pozik irten gara.

Powered by Wikiloc