Aurreikusita genuen bi mendi hauetara egun ezberdinetan joatea, azkenean bidaia aprobetxatuz biak egun bertan igotzea erabaki dugu. Asmo horrekin goizeko 7 ½ etan Untzaga plazan batu gara Julian (bera da kotxeduna gaurkoan), Garate, Pintado eta Andoni. Eguraldia lainotsua daukagu eta arratsalderako euria dago iragarrita
Gasteiz eta Kanpezo zeharkatu eta gero Kodes Santutegira iristen gara, Nafarroako lurraldeetan. Goizeko 9etan hasten gara oinez, zerbait lainoturik eta 8ºko tenperatura, giro ona ibiltzeko. Bidea ondo markaturik dago, hasieran basotik (arteak, erkametzak, ipuruak, e.a.) eta gero haitz garbitik doa. Bidezidor honi “de los Penitentes” deitzen diote, gure ezkerretara Joar mendiaren inguruan dauden izugarrizko harri orratzak ikus daitezke. Laster Cascajales (9:45) lepoan aurkitzen gara, hemen belardia da nagusi, bidegurutzea da, ezkerrera Joarrera doan zidorra daukagu eta aurrera eskumarantz jotzen duela Costalera mendi aldera doana. Azken hau hartzen dugu, denbora osoan mendi bizkar gainetik joan behar da, hasieran San Cristobal tontortxotik igaroko gara, eta aurrerago haitzetan sartu baino lehen, Puerto Nuevo lepoa zeharkatuko dugu ( hau Kanpezora doan pista bat da) eta horrela, bukaerako harrizko gailurra zeharkatuz (hemen Pintadok buelta ematen du haitzetik ez pasatzearren) , problemarik gabe iristen gara Costalerako tontorrera (1.233 m) (11:00).
Costalerara ailegatu baino lehen euri tantak hasi dira, euria ez da asko, baina harriak bustitzeko beste bai. Gauzak horrela, gailur bustia ekiditeko asmokin, erabakitzen dugu beheko pistara jaistea, pentsatuz beti ere eguraldia txarrera egingo zuela. Horretarako ekarri dugun norabidea mantentzen dugu lepo batera iritsi arte (11:30) , hemen garbi ikusten da, gure eskumara , behera doan bidezidorra. Behean pista hartu eta Puerto Nuevora igoko gara (12:30). Ibilaldia ordu bete luzatu dugu eta 200 bat metro desnibel igo, alperrik, ze, harrezkero ez dugu izan euri tantarik ere ez.
Casacajales lepora doan bidea berreskuratzen dugu, lepo hau zeharkatu eta Joar igotzen hasten gara, gora goazela topo egiten dugu Pintadokin, goitik behera zetorrela, jiratzen da eta berriz gora gurekin batera. Aldapa bat igo eta gero tontorrera heltzen gara, Joar (1.416m) (13:30).
Jaitsiera abentura txiki bat izan da. Julianek ego aldera doan bide batetik proposatu digu jaistea, baina berak daukadan trackak bide oker batetik bidaltzen gaitu eta konturatuko orduko izugarrizko harri aldapetan sartzen gara, gero arantzaz betetako oihanpean eta bukaeran artadi itxi batetik bide batera iristen gara, hau hartuaz laster gara Kodesko Santutegian 14:40.
Bertako ostatua zabalik zegoen baina ez dute bazkaltzen ematen aurretik ez bada enkargatu. Kotxea hartu eta Acedoko kanpinera joan ginen. Ondo, 10,5 € bazkaria, eta 7ko nota.