Etiketa honen artxiboa: azurtza

Gure auzoetako jaien soka etetzen

Azken urteetako ohiturari jarraiki, bihar Elgetako Goimendi-Azurtza auzora joateko zita genuen soka-dantza ateratzeko asmoz. Aurten ez dagoela beharrik abisatu digute, ez omen da jairik ospatuko, eta zaldi zuri gaineko Santiagok baseliza barruko ilunpetan eman beharko du beste urte betez.

Herriko plazan edo antzoki batean dantzan diharduguneko gogo eta ilusio berarekin dantzatzen dugu gure auzoetako jaietan ere. Testuingurua humilagoa izanda ere, gertutasun berezia dute auzoetako jaiek. Maitasunez antolatutako egun bereziak dira ezin bestela, auzotarren nortasuna berretsi eta bat egiteko balio izaten dutenak. Eibarren herriko auzoetako jaiez gain (Urki, Legarre, San Kristobal, Amaña) baditugu gurean eliza, baseliza edo santu eta santaren baten inguruan ospaturiko jaiak: Azitain, Arrate, Salbador (Otaola-Kiñarra), Santa Kurutz (Mandiola), Aginaga, Santiago (Goimendi-Azurtza, berez Elgeta)… Mendi arteko errepidea bezala, urteak joan eta urteak etorri agertzen eta desagertzen doazen jaiak dira gehienak ere; “beti” antolatze lanetan aritu dena erretiratzearekin batera itzaltzen direnak eta berriz auzora odol gazteak datozenean indarberriturik argi egiten dutenak.

2010-01-017_soka-dantza_azitain

Urteak dira auzo jai hauetako meza ostetan soka-dantzak ateratzeari ekin geniola garai batean edozein erromeri eta jai girotan ohikoa zen dantza moldea biziberrituz. Halaxe atera izan ditugu azken hamarkadan gizonezkoen sokak Azitaingo eta, aipatutako, Santiago elizen atarietan, eta emakumezkoena berriz Mandiola bailarako Santa Kurutzen, Santiago (uztailak 25), San Anton (urtarrilak 17) eta Santa Kurutz (maiatzak 3) egunetan urrenez urren (edo aste barrua jausiz gero hurrengo larunbatean).

2005-07-25_soka-dantza_goimendi-azurtza

Azkenengoz 2011an lotu genituen eskuak sokan Azitain aldean, Felix Bergarak jaiak antolatzeari utzi behar izan zion urtean hain zuzen ere. Goimendi auzoan aurten, auzoaren desegituraketak bultzatuta batez ere, urtetan auzotarrek osatutako soka eten egingo da eta Kiñarra aldeko Salbador baselizaren bueltan ere litekeena da aurten mezatarako kanpai hotsik ez entzutea.

2013-05-05_soka-dantza_santa-kurutz

Zorionez tunelak bi alde izaten ditu eta Mandiola-ballen Santa Kurutzeko jaiek osasuntsu diraute. Azitaingoa azkenengoz ospatzen zuten urte berean, sokaren gidaritza emakumeen eskuetara pasa zen eta nahigabe eta zoritxarrez ala zorionez! gure auzoetako soka-dantzaren ordezkari bakar bihurtu da. Ez dela kasualitatea esango luke batek baino gehiagok.

Sinbolikoki baino ez bazen ere, azken urteetan osatutako sokek ezin izan diote egoera gordinari aurre egin. Oinarri erlijiosoa duten jai eta ospakizunek sinisdunen gainbeheraren bide beretsua jarraitzen dute, eta baserrien zahartze eta hustutzeari lotutako errealitatea gehituz gero, nekazari giroetan inongo ospakizunik antolatzea diren mirari txikiak desagertuz doaz. Ez dakigu behin desegindako soka berriz lotzerik izango ote den. Guk badaezpadan arropa zuri-gorriak prest izango ditugu tokatzen denerako.

2014-05-04_soka-dantza_santa-kurutz