Larunbat honetan Basaurin ospatzen den Euskal Herriko Dantza Agerketaren aurkeztuko ditugu Arrateko Amaren dantzak. Arrate eguneko emanalditik egun gutxi pasa badira ere, erropak garbitu eta berriz prestatu, hankak eta txistuak berriz berotu, eta irailaren 16an Basaurira goaz Usartza txistulari taldea eta Kezka dantza taldea Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak bertan eskaintzera.
51 urteko ibilbidea duen jaialdia
2022. urtean 50. urteurrena ospatu du Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketak. Tokian tokiko dantza tradizioak Basaurira gonbidatzen dituzte urtero eta lehen aldia izango da Eibarko Kezka dantza taldea bertan izango dena eta lehen aldia noski Euskal Herriko dantza ohituren erakustaldi zabal eta aberatsa eskaini duen jaialdi horretan Arrateko dantzak ikusi ahal izango direna. Usartza txistulari taldeko lau txistulari eta Kezka dantza taldeko hogeitabost dantzari arduratuko dira Arrateko dantzak Basaurin plazaratzeaz.
Jaialdian Deustuko (Bizkaia) emakumeen aurreskua, Eltziegoko (Araba) irailaren 8ko Ama Birjinaren eguneko dantzak eta Leitzako San Tiburtzio festetako dantzak eskainiko dituzte aipatutako festa horietako bakoitzean dantzatzen duten taldeek. Jaialdia arratsaldeko 19:00etan Basauriko Bizkotxalde parkean egingo da eguraldiak laguntzen badu eta Sozial Antzokian euria egiten baldin badu.
Ezpata bat Beasainen
Arrateko ezpata guztiak ez dira baino Basaurin izango. Ezpata bat, eta horrekin batera ezpata-dantzari jantzi oso bat, Beasainen da egunotan. Izan ere Maritzuli konpainiak iaz Baionan antolatu zuen Ezpata-dantzak erakusketa Beasaingo Igartza jauregian da ikusgai egunotan eta Arrateko ezpata-dantzaren inguruko panela, jantziak, tresnak eta baita Treku margolari debarrak egindako koadroa (Gure-Kai dantzari taldeak Kezkari oparitu ziona) bertan dira ikusgai.
Utzi erantzuna