2023 honetan 30 urte beteko dira Eibarko San Andres jaietan Plazara Dantzara erromeria lehen aldiz egin genuenetik. 1993ko azaroaren 26an, larunbata, izan zen lehen aldia. Jainaga eta Narbaiza izan genituen musikari lehen hartan Elgoibarko udalaren txistulariekin batera. Elgoibarko Haritz eta Debako Gure-Kai dantza taldeetako dantzariak etorri ziren Eibarrera Kezkako dantzariokin batera Untzaga plaza dantzan jartzera.
Dantzaren ludikotasuna
Plazara Dantzarak dantza taldeen jardunean hain ohikoa ez zen alderdi bat bultzatu nahi izan zuen. Ikuskizunak ematen ibili beharrik gabe, dantza eginez gozatzea eta gozamen hori plazan partekatzea, nahi duten guztiei dantzan aritzeko aukera emanez. Dantza ikuspegi parte-hartzailearekin bultzatzeko eredu horik nondik etorri zitzaigun? Argia, Flageldarrak, Gasteizko Udal Folklore Eskola eta Haritz dantzari taldeak osatutako sokatik.
1970ko hamarkadan, Argia dantzari taldeak Lou eta Claude Flagel dantza-maisu eta musikari belgiarrak ezagutu zituzten eta dantza tradizionala ulertzeko eta bizitzeko hainbat gako ikasi zituzten haiekin. Hurrengo hamarkadan, Errenteriako Musikaste jaialdira ekarri zituen Urbeltzek Flageldarrak. Musikasten ezagutu zituen Pedro Elosegi txistulari eta dantzari gasteiztarrak Belgikako dantza-adituak. Gasteiz moduko hiri baterako eredu egokia ikusi zuen hor, ikuskizunaren ordez parte hartzea bultzatzeko bide bat. 1990ean hasi zen Gasteizko Udal Folklore Eskola Dantza Plazan erromeriak antolatzen eta formato hori ekarri zuen Debabarrenara Haritz dantzari taldeko Jose Ignazio Sarasuak. Horrelaxe Eibarrera 1993ko San Andres egunera iritsi zen Plazara Dantzara. Elgoibartik eta Debatik etorritako dantzariak batu zitzaizkien Eibarko Kezkakoei eta 30 urtez errepikatu den formatoa martxan jarri zen.
Larunbatetik aste barrura eta buelta
Elgoibarren Gabon Zahar ferian eta Deban Soro Ferian plaza hartu eta dantza soltean, lotuan, bakarka, binaka ala taldean, jauzi, polka, kontra-dantza, balts, korrido, arin-arin eta fandango, zortziko eta ingurutxu, plazan dantzan aritzeko aukera plazaratzen hasi ziren herri bakoitzeko neguko festen inguruan. Lehen hamarkada osoan larunbatez ospatu genuen Plazara Dantzara. Halako batean azaroaren 30ean, San Andres egunera aldatu genuen eta azken urteotan azokarekin batera ospatu dugu.
Egunean bertan ospatzea ederra da, baina bi arazo izan ditugu urte hauetan. Batetik, Elgoibarko eta Debako dantzariak ezin parte hartzea. Ez bakarrik herri horietakoak. Eibarko dantzari askok ere ezinezkoa izaten dute parte hartzea San Andres eguna aste barruan tokatu izan denean, Eibartik kanpo lan edo ikasketak egiterakoan ez baita beti posible gertatzen egun hori jai hartzea. Bigarren arazoa euria da. Euria berdin egiten du 30ean edo inguruko larunbatean ―eta hori azaro-abenduan sarri da―, baina 30ean bertan azokak aterpeko espazio guztiak bereganatzen dituenez, euriak gogotik egin duenean dantzaldia bertan behera geratu izan da. Larunbatetan ordea aterpeak baliatzeko aukera izaten da.
Abenduak 2, larunbata
Aurten larunbatez egingo dugu Plazara Dantzara. San Andres egunerako, azaroaren 30erako, Greba Feminista Orokorraren deialdia egin du mugimendu feministak. Hasieran aztertu genuen greba deialdia eta dantzaldia batera egiteko aukera. Baina ikusi genuen ezinezkoa zela eta elkarri traba egiteko eta bietan ― dantzaldian eta aldarrikapen feministan― parte hartu nahiko luketenek horretarako aukera izan dezaten onena dantzaldia larunbatera aldatzea zela. Horren ondorioz, lehen urteetan bezala, Deba eta Elgoibarko dantzari-lagunak gurekin izateko aukera izango dute, bai eta greba deialdiarekin bat egiten dutenek ere, zein arrazoi batengatik edo bestearengatik 30ean Eibarren egoterik ez dutenek ere.
- Plazara Dantzara, abenduak 2, larunbata, Untzaga plazan, Jainaga eta Narbaiza eta Eneritzekin, Haritz, Gure-Kai eta Kezka dantza taldeekin, Jaixak Herrixak Herrixandako eta Eibarko Udalaren laguntzarekin.
Utzi erantzuna