
Igande honetan, urriaren 23an, eskainiko da azken aldiz Martin Zalakain. Donostian izango da, Victoria Eugenia antzokian eta agortuta dira sarrerak. Estreinatu zenetik bost urte pasa dira eta lehen egunetik izan duen ikusmin eta erakarmenak bizi-bizirik dirau. 26 emanaldi eta 15.000 ikuslerekin borobilduko du bidaia, baina ezin dira datuetara ekarri eragin dituen, ekarri dizkigun sentipenak, emozioak.

Oihartzuna izateko etengabe estreinaldiak eta gauza berriak eskatzen diren garaiotan ez-ohikoa da ikuskizun batek bost urte irautea herriz herriko emanaldi-biran. Argia dantzari taldearen martxan ez da hain arraroa, ordea, moden tiraniari muzin eginez sinesten duten horretan tematzeko gaitasuna erakutsi baititugu urteotan Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duen taldeak. 2017ko lehen hilabeteetan lehen entseguak hasi zirenerako bazeramatzan urte batzuk Urbeltz-Arregi familiak doinuak eta dantzak apartatzen eta prestatzen.

Euskal dantza hizkuntza oso bezala ulertuta, harengan erabateko konfidantza dugula erakutsiz, euskal dantzaren bidez narrazio klasiko bat eszenaratzeko erronkari heldu zion Urbeltzek Martin Zalakainen bidez. Ohi bezala Urbeltzek dantzatu du akuilua eta seinalatu du bidea, baina haren esanetara lantalde zabal eta ongi prestatua, musikari eta dantzari eskarmentudunak zein dantzari gazte eta dohaitsuak aritu dira asmoari gorputza ematen.

Kezka dantza taldeko 26 dantzarik parte hartu du Martin Zalakain ikuskizunean bost urteotan: Miren Hazas, Ainhoa Larrañaga, Josu Garate, Luken Aranburu, Enrike Izagirre, Oier Araolaza, Olaiz Agirrebeña, Egoitz Blanco, Eider Agirrebeña, Jone Saez, Maitane Fariñas, Amaia Rodriguez, Leire Andikoetxea, Jone Lahidalga, Maite Gonzalez, Idoia Lahidalga, Maider Otaola, Ane Muguruza, Amaiur Aristi, Asier Estivariz, Jokin Hazas, Izar Araolaza, Irune Saez, Uxue Gisasola, Unai Txurruka eta Jone Amuategi.


2017ko azaroaren 11n, San Martin egunez estreinatu zen Martin Zalakain Bilboko Arriaga antzokian eta 2022ko urriaren 23an egingo du azken emanaldia Donostian, Victoria Eugenian. Bizi bedi betiko Martin Zalakain.