Eibarko patroia dugu San Andres eta jai eguna da herrian. Hau honela, azaroaren 30ez, Kezkako dantzari txiki zein helduko ezin izaten diogu festarako nahiari eutsi eta eguerdi aldera Untzaga plaza, erromeria giroan, dantzaz betetzen dugu urtero.
Nekazal azokak, aizkolarien erakustaliak, betsolariak, animali mordoak, talo usainak zein trikitixa doinuak hartzen dute herria San Andres egunez eta aurtengoan, egunaldi onak lagunduta, are ederragoa izan da giroa.
Giro horretan, askoren buru eta bihotzetan hutsune bat ere nabari izan da ordea; urtea joan eta urtea etorri dantzaldiari hasiera eman aurretik izaten ziren bertsolarietako bat, eta dantzaldiko pandero jolearen aita zen Juan Mari Narbaiza duela gutxi joan baitzitzaigun gure artetik.
Hura ere gogoan, aizkolari eta bertsolarien artean ekin dio dantzaldiak. Adolfo Jainaga eta Unai Narbaizak girotuta kalejiran hartu dugu plaza dantzari guztiok eta, korro txikiagoetan banatuta eta besoak zeru urdinera igota, dantza-soltean indarrez ekin diogu lehenengo.
Adolfo Jainagak aipatu duenez 25 urte bete dira trikitilari bikoteak, Jainagak eta Narbaizak, San Andresetan jotzen dutela. Plazara Dantzara ere ospatzen ditugula urte batzuk izango direla gogorarazi digu horrek. Artxibora jo eta 1993ko San Andres jaietako argazkiak aurkitu ditugu. Urte horretako azaroaren 27an, Elgoibarko Haritz eta Debako Gure-Kai dantza taldeekin batera ospatu genuen lehen Plazara Dantzara erromeria Eibarren. Jose Valderreyk utzi zigun testigantza argazki bidez:
Eta 1993ko Plazara Dantzara hartan izan genituen Jainaga eta Narbaiza, bai noski!
- Adolfo Jainaga eta Unai Narbaiza trikitilariak, Plazara Dantzara erromeria Eibarren, San Andres jaietan, 1993-11-27. Argazkia: Jose Valderrey.
2016ra itzulita hor jarraitzen dute Jainagak eta Narbaizak oholtzan, eta Kezkako dantzariok plazan. Balsak, esku-dantzak, txapeloaz, borobila, Lantzeko zortzikoa, hegik, zazpi jauziak eta beste hainbat dantzaz plazan gozatzen.
Kezkako dantzari txiki, gazte eta helduoi inguruan hasieran temati zegoen jendea ere gehitu zaigu dantzara eta denon artean, hasi bezela, soka, elkarri eskua emanda amaitu dugu dantzaldia kalejiran.
Hona hemen Iñaki Zugastik egindako argazki sorta zabalago bat: