Hirugarren itzulia hasiko dugu 2016ko koko-dantzekin

Koko-dantzak 2015. Argazkia: Fernando Retolaza

Koko-dantzak 2015. Argazkia: Fernando Retolaza

Urtarrilaren 30ean, alegia, larunbat honetan bertan iritsiko dira karnabalak Eibarrera eta baserriz baserri koko-eskea eta koko-dantzekin abiatuko gara. Gureak ziklo olinpikoak dira, lau urtetan ematen diogu itzulia Eibarko baserri-auzoei, eta 2008an koko-dantzak eta koko-eskea abiatu genituenetik bi itzuli osatu ditugunez, 2016 honetan hasiera puntuan gaude berriz, hirugarren itzulia hasteko prest.

Ez dirudi aurten iazko kolorea izango dutenik mendiek. Elurra gogotik egin zuen iaz eta ondo zurituta zeuden soro eta baserri inguruak koko-eskean joan ginenean. Aurten, zuririk ez, eta berde gehiegi ere ez, euria ez baitu asko egin orain arteko udazken eta neguan. Hona iaz, Jose Antonio Roigen kamera-hegalariak airetik hartu zituen irudi ederrak.

Arrate balle eta Gorosta

Arrate eta Gorosta auzoetako baserrietan arituko gara aurten koko-eskean. Hasteko, ohi bezala, goizeko 8:30ean Errebalen, merkatura saltzera jaitsitako baserritarrei egingo diegu bisita. Ondoren bi taldetan banatuko gara eta talde bat Gorostatik hasiko da eta bestea berriz Arrate balletik.

Arrate ballen, Gaztelu, Arizmendiguena, Arizmendi, San Juangua, Zelaikoa, Untzeta, Agiñao-azpi, Agiñao-gain, Guenetxe, Narru, Erdikoa, Aretxitagoikoa, Barrundi, Iñarra, Mendigoiti, Lezeta, Asola-berri, Sumendixa-goikoa eta Sumendixa-behekoa baserriak bisitatuko ditu talde batek.

2015-02-07_koko-dantzak_FL_0492_r_1200p.jpg
Koko-dantzak, 2015. Argazkia: Felipe Loiola – dantzan.eus CC BY-SA

Gorosta aldera joango den taldeak berriz, Arrate eta Gorostako baserriei egingo diegu koko-eskea: Mugitza, Pagola-txabola, Gorostabeletxe, Gorostabeña, Gorostazpikoa, Kantabria, Mugitza-barri, Itsaso, Maapilla, Zezeil, Biriñao , Ezkaregi-errota, Lezeta-abeltxe, Altzubarren, Lazareto.

Koko-festa kalean

Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko gara.

Urtarrilak 30, larunbata. Koko-dantzak:

  • 8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia
  • 9:00 – 15:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Arrate-Balle eta Gorosta aldeko baserrietan.
  • 19:00-21:00 Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan koko-dantzak Mauxitxarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.