Ibartzabal eta beste hamaika arku-dantza

Ekainaren 1ean ospatu genuen Eibarren Euskal Jaia eta Ezpalak jaialdia. Aurten arku-dantzak ziren Iruñea eta Eibarren antolatzen dugun nazioarteko dantza tradizionalen jaialdiko gai nagusia, eta atzerritik (Tolouse, Burgos, Galizia) eta Euskal Herritik (Oñati, Añorga, Iruñea) etorritako taldeak izan genituen jaialdian. Ezpalak 2008 jaialdiak eman zuenaren berri laster (espero) izango duzue jaialdiaren blogean bertan.

Eibarko dantzariontzat jai egun berezia izaten da

2008-06-01_Eibar-ezpalak_FL_0077

Euskal Jaia, lana, dantza eta festa uztartzeko aukera ematen duena. Lana Kezkaren dantza eskolako ikasle guztiak ateratzen baitira egun horretan dantzara, eta beti dagoelako eroritako zapi bat eta okertutako gerriko bat ongi jarri beharra. 120 ikasle ditugu dantza eskolan eta arku-dantzak egitea nahi genituela eta, nahikoa lan izan dugu aurten denontzat uztai bana aurkitzen!

Ibartzabal arku-dantza

Kanpotik arku-dantzak zetozela eta etxeko arku-dantza bat dantzatu behar genuen.

2008-06-01_Eibar-ezpalak_FL_0050

Eta lozorroan zegoen aspaldiko dantza bat esnatzea pentsatu genuen. Ibilbide kuriosoa izan du Ibarzabal arku-dantzak. Eibarren XIX. mendean dantzatu ohi zela pentsatzen da, eta XX. mende hasieran, 1908an, Eibarren ospatu ziren Lore Joko edo Euskal Jaien aitzakitan prestatu eta plazaratu zen. Hamazazpi dantzari aritu ziren arku-dantza hori egiten orduko hartan. Baina emanaldiak ez zuen segidarik izan. 1940ko hamarkadan Gregorio Santa Cruz-ek, 1908ko hartan dantzatu zuten dantzari batzuen laguntzarekin berpiztu eta egokitu zuen dantza. 1948an izan zen re-estrenoa, eta hartarako 13 neska prestatu zituen.

2008-06-01_Eibar-ezpalak_FL_0070

Harrezkero neskek egin izan dute dantza hori. 1998an dantzatu genuen Kezkan azkenengoz modu horretan, Gregorio Santa Cruz-en jaiotzaren 100 urteurrenean. 2008an, neskak eta mutilek, denok batera dantzatu dugu Ibarzabal arku-dantzan Ezpalak jaialdiaren aitzakian.

…eta festa

Euria izan dugu berriz ere Euskal Jaian, eta ondorioz, Ezpalak jaialdiaren emanaldi nagusia Coliseo antzokian burutu zen. Plazan egingo genuen gustura, baina ezinezkoa gertatu zen eta antzokira jo genuen. Eta bigarren aukera ere ez da txarra! Coliseoa antzoki beroa da, hurbilekoa. Dantzak ikusteko eszenatoki polita du, ikusleen eserleku guztietatik primeran ikusten da dena eta dantzari eta ikusleen arteko gertutasunak goxotasuna ematen dio emanaldiari. Euriak beraz ez zuen giroa hoztu, berotzen lagundu baino!

Eta emanaldiaren ondoren bazkaria Untzagan jarritako karpan eta ondoren festa, erromeria, Patxi eta Konpainiarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude