Patxi Beitia hil da

Patxi Beitia, Kezka dantza taldeko zuzendaria eta aurreskulari trebea izan
zena hil da (urtarrilaren 8an hil da) Bermeon 81 urterekin.
Josu Orbe, Bermeoko Alkartasuna dantza taldeko kideari esker jakin dugu.
Patxi-Beitia-aurreskua-egiten

Beitia, 1925ean jaio zen Eibarren, eta 1931an hasi zen dantzan Batzokian, Gregorio Santa Cruz-en esanetara. Gerra
ostean, Educación y Descansoko taldearekin aritu zen, Santa Cruz-ekin orduan ere, eta besteak beste
1947an Madrilen, Eva Perón-en aurrean aurreskua dantzatu zuen.

Aurreskulari bikaina izan zen Patxi Beitia eta bere garaian punta-puntakoak
ziren Donostia eta Bilboko aurreskulari handienekin leihan ibiltzen zen.
1959an Eibarko Klub Deportiboaren dantza taldeko, alegia, Kezkako zuzendari izendatu
zuten eta horren ardura izan zuen 1965ean, Mundakako emakume batekin ezkondu
eta Bermeora bizitzera joan zen arte. Bermeora joan eta Alkartasuna dantza
taldea sortu zuen bertan.

Gregorio Santa Cruz dantza-maisuari buruzko liburua osatzerakoan
laguntza handia eskaini zuen Patxi Beitiak eta berari egindako elkarrizketa
bat ere argitaratu zen liburu horretan. Hona elkarrizketa hori:



Patxi Beitia – Elkarrizketa
Oier Araolaza: Gregorio Santa Cruz dantza-maisua, Ego-Ibarra, 1998.


1925. urtean jaio zen. Gerraurrean eta gerraostean ibili zen
dantzari Santa Cruzen esanetara, aurreskulari bikaina, erreleboa hartu zion Santa Cruzi
Klub Deportiboan dantzak erakusten. Bermeon bizi da gaur, bertan Alkartasuna dantza taldea
sortu zuen eta aurten bertan omendu dute bermiotarrek.
 

  • Noiz hasi ziñan Gregoriokin?

1931n, sei urtekiñ, Batzokixan. Orduan eguan Bidebarrixetan, ointxe
pastelerixia daguan inguruan eguan Batzokixa. Gero segiduan egiñ eben Batzoki barrixa,
Mª Angelan. Dantzarixak eguazen haundi eta txiki, talde bastante politta zan. Otxandixora
eta, juaten giñan. Ez autobusa, ez ezer, zelako karrakak egoten ziran! Gerraurrian
Bermeora be etorri giñan, Batzokixa inauguratzera. 34an edo hola, junio veintitantos, San
Juan aurrian, etorri giñan Bizkai guztittik, Gipuzkuatik… Aberri Egunera be juaten
giñan asko, Pamplonako Aberri Egunera juan giñan, Donostiara, Bilbora be bai; Bilbon bi
milla dantzari ta, batzen giñan. 

1934-Batzokiko-ezpata-dantzariak

  • Horrek danak gerraurretik?

Bai, gerraurretik. Eta baten pasau jakun, Donostiatik gatozela
Zarautzen tunelan parian guardia zibillak motorrian… tirua bota zeskun, eta Gregorio
autobusian. Zegaittik ez dakigu ondiok, sustua emon zeskuena bai. Baina Gregorio bildurtu
egin zan. 

  • Nun ikasten zenduezen dantzak?

Bertan Batzokixan. Lokala edarra eukan. Astian bi bidar edo. Gero Educación
y Descanso
gaz biharra eguan a punta y pala. Honek Gregoriok egitten eban
akabatzaille, enkargaua zan GACian, Txontan. Urtetzen eban berandu, gabeko beratzi
t’erdixetan egitten gendun ensaiua, orduan sakrifiziua zan. Goixetik juaten giñan
ohera, eta goixian altzatzeko zazpiretan, biharrerako edo eskolarako edo dana dalakua.
Gregorio etortzen zan baltz-baltz eginda, arpegixa garbittu barik, eta ernegatzen
sarrittan. Zenbat plastadatxo jo zetsan motibo barik alabiari, Garbiñeri, zaharrenari. Gu
berbetan igual, eta bestiak, barre edo, pli-pla! 

  • Jenixo bizikua zan?

Bai, horretan bai. Berak esaten ebana, eh! Bestela… 

  • Eta urteeriak dantzara, nora?

Orduan Debara, Mendarora, Plaentxiara, Durangora, Arraten, bertan
inguruan. Arrateko Amabirjiñia eruaten Donostiara be bai, juan giñan hiru edo lau bidar.
Ohitturia hartu eben, urrian. 

  • Eta gerraostian?

Gero, gerratik gero, 47an juan giñan Madridera. Donostian ez eguan
ondiok Goizaldirik. Gerotxuago sortu eben. Eta Educación y Descanso zelan zan
politika barruko zera, influentziak be gehixago. Geu juan giñan Euskal Herrixa
representatzen Madridera. 

Ni egon nintzan soldau Madriden abiaziñuan, nobixia, ointxe andria
dakatena, han topauta, Mundakakua da. Aurreragotxuago egon nintzan hamen, eta
“Madriderako dago zera, ta nun hago?”, “hamen kuartelian nago, etorri
zeuek”, eta hara etorri ziran delegauak eskatzen. 

Etorri zan Eva de Perón, eta haren aurrian egin gendun dantza rejiño
danak eta representaziñua geuk eruan gendun Euskal Herrikua. Kanarixuak, Segovia,
Madrileñuak, danetik, bakotxak beran dantzak egitten zittuan. Guk ezpatadantzia eta
aurreskua egin gendun, aurreskua hiru lagunek edo. Izan ziran banakua, biñakua eta
ezpatadantzia. Egin gendun en la Plaza Mayor de Madrid. Gero jentiak eskatu eban
“que hagan para el público!”, haretxegatik luzatu gendun zortzi egun
edo. 

Hotelian jaten ardaurik ez eta, mekaguen la mar, guk ba, joer,
hogetabat urte edo hogetabi gitxi gora behera… “Ezetz eta ezetz” Gregoriok,
“kaguen… ba ez dogu dantzan egingo!”, amenazua, eta bestiak, “eran
barik pasau leike”, eta “jatekua ardau barik? Jatekua diferentia dok!”
Zelan edo halan konsegidu gendun, Agapito Anituan bittartez. Eta pozik. 

Gero despeditzerakuan, ni bertan geldittu nintzan. Manuel Mari Egaña
be bai, ha beste kuartel baten eguan. Nik esan neban kuartelian zelan noian dantzara, eta
sí, vete vete“. Eta zortzi egunian agertu ez. Bueltau nintzanian, han
listiakin, “mira, dónde ha aparecido este!” Juan nintzan listerua edo
kabuangana, “¡Oiga!, Que he estado, en Educación y Descanso pregunté, ¿no ha
venido aquí nadie?”, “aquí no ha avisado nadie.” “¡Si he estado
bailando ante la señora de Perón!, “No véis este chulo vasco, dice que ha estado
bailando con la señora de Perón”
, eta “ja ja ja”, barre tropa guztia,
neri ardurarik ez, allakuidaos!. Ez zesten ezer be egin. Eta arrestau be, ensegida egitten
eben orduan. 

Gero, juan giñan Leridara. Tardau gendun, bueno… Eta Leridan egin
genduzen hotelian zortzi egun edo. Hori izango zan 48an edo, hortxe bueltan. Leridan
pelotarixak be bazeguazen euskaldunak, hotela be edarra. 

  • Urtiak aurrera juan ziran.

Gero, segidu egitten neban nik dantzan, eta urte baten kastigau egin
zestan Gregoriok, zeozer, terkedade bat, dantzaren asuntuan zala eta. “Benga,
kalera!”, urten neban, baiña ni neu ensaiatzen nintzan eta konkurso
aurreskularixetara juaten nintzan. 56xan Mondragonen, atara neban laugarren Euskal Herriko
danen zerian, Santo Tomas hurrengo egunian egitten da Mondragonen jaixa. Presentau giñan
hogetalau aurreskulari, bilbotarrak, Bittorixakuak, donostiarrak be bai, jo, Goizaldi
guztia ixa. Lehelengo etara eban Antonio Romero bilbotarrak, fenomenua zan. Ha zerakin be
ibili zan dantzan, Olaetakin. Gero bigarren etara eban Goizaldiko Gordejuelak, Iñaki
Gordejuelak bigarren. Hirugarren atera eban, Garmendia edo, ha be Goizaldikua. Gero ni
laugarren, ta bostgarren Oronoz, Juan Manuel, harek etara eban. Eta esan esten, “joe!
Horrei irabaztia, Oronozi ta!”, bueno, ondo.  

  • Aurreskua zelan egitten zan, Bizkaiko
    ala gipuzkuar erara?

Libria, nik libria beti egin dot, sasikua esateko, apurtxo bat
donostiarra, bilbotarra ta puff, nahastekua. Gregoriok berak ez zekixan aurreskurik, ez
dau jakin sekula, eta ipintzen eban beste bat, aiudantia edo, Mendarokua edo… haren
zati bat, gero Bizkaikueri atarata beste bat, eta hola… Baiña ajilla egoten nintzan
orduan, ensaiau be etxian eta, urte edarrak zertu nittuan. Gero urten neban Zaldibarren subcampeón
de Bizkaia
. Zaldibarrera presentau nintzan eta ni eibartarra naizela eta ezetz. Baiña
azkenian hartu esten eta subcampeón de Bizkaia atara neban. 57 edo 58xan izango
zan. Gero, bajatzen juan nintzan konkursuetan, Durangon, Arraten… 

  • Noiz hasi ziñan erakusten?

Plaentxiakuekiñ hasi nintzan dantzan erakusten. Jose Luis etortzen zan
txistuakin, gaztia zan. Eta Txito be ibiltzen zan. Ha tanborterua zan, Julio Basurto,
alias Txito. Desastre urten eban harek tanborteruak. Gero hasi nintzan Plaentxian, eta
Gregoriok, “ze, Plaentxian hasi zara?”, “Bai, eta hau dantzia zelan
da?”, “Esango detsut”. Ze neu be ez nintzan akordatzen, neskena, pañuelo
dantzia edo. Esan estan eta bueno. Esoziko Ama grupua atara genduan han Plaentxian.  

Gero Deportibora. Gonzalez egon zan sekretarixo orduan, geure kalekua
zan, Urkusuko kalekua. Eta harek “etorri hari, etorri hari, etorri”,
“ezetz, ezetz”. Gregorio hasarretu egin zan Deportibokuekin. Terkedadia, ha be
terkua zan eta zeozer pasa jakuen eta neri juateko esan esten. “Ez, ez hari
juan” esan estan Gregoriok. “Bueno ba ez naiz juango”. Ez naiz juango…
ba konbenzidu egin neben. Hillian hogei duro sueldua. Hasi nintzan, eta Alfan euki nittuan
grupokuak danak etorri ziran, eta grupua egitteko ez neban problemarik euki. 

  • Deportiboko sasoian nun
    entsaiatzen zenduen?

Bonberuen zerian, Mª Angelan ensaiatzen genduan. Deportibuan pasatzen
zan, esposiziñuak dirala, igual astia montañismua dala, bestia dala, hori dala, egoten
zan okupauta. Soluziñua? Hara juaten giñan. 

  • Eta dantzara nora?

Bertan inguruan, Zarautzen, Donostiara be bai, salida polittak egitten
genduzen. Fotografixia Usartzakua badago bat lehelengo hasi ziranak, Juan San Martinek
atarata. Gaztiak ziran orduan horrek, grupo txikixa, nere seme zaharra eta.  

  • Zela izan zan Eibar laga eta
    Bermiora etortzia?

Gero ba, Mundakako andria, Eibarrera ezkondu giñan. Alfan egitten
neban biharra. Handik Bermeora etorri nintzan. Egiñ esten omenajia, plaka bat be bai
Deportibokua, han dakat etxian. Tabernia ipiñi neban Bermeon eta Alfatik urten egin
neban. “Zoratuta hago!, Alfatik urten!”, ez dakit zer, badakit zer.. “Han
topau dot biharra eta…”, gero damutu ez hango akziño danak galtzian. 

Deportibuan Jose Luis laga neban. Hogetamairu urte daroiaraz nik hamen.
Handik direkto etorri nintzan. Gero Jose Luisi be zeozer pasau jakon eta asanblean egon
giñan. Gero berak Amalur edo ipiñi eban, eta han Frontaura eta geratu ziran. Frontaura
ibili zan neregaz, Durangon ha be dantziakin dabil. 

  • Sasoi batian asko egitten
    zenduen aurreskua, sokia atarata?

Bai, urtian hiru edo lau bidar be bai. San juan egunian egitten genduan
aktuaziñua. Korporaziñua lagunduz juaten giñan mezetara hamarretan eta gero aktuaziñua
plazan eukitzen genduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude