Arrateko ezpata-dantza Flandrian

Pasa dira aste batzuk Flandriatik itzuli ginenetik, baina abuztua
tartean eta argazkiak bildu, aukeratu eta sareratu orduko iraileko
lehen astea ia joan zaigu. Zaila da blogeko sarrera batean
Sint-Niklaas-en pasa dugun astebete intentsoak utzitako arrasto guztiak
biltzea, baina saiatuko gara koadro inpresionista bat egiten.
2006-08-18_5392

Abuztuaren
13tik 19ra bitartean burutu da Volkskundstweek 2006 Nazioarteko
Folklore Jaialdia Sint-Niklaasen. Dantzaz betetako astea izan da, egunero
emanaldi bat edo bi eskaini ditugu. Beraz, nekatuta, baina aldi berean hunkituta itzuli gara, jaialdiaren antolatzaileek eta
beren etxeetako ateak ireki dizkiguten familiek eskainitako harrera beroagatik.

Emanaldiak hirian
bertan, eta inguruko herrietan izan dira. Serbia, Letonia, Eskozia eta
Flandriako taldeekin batera aritu gara dantzan Kezkakoak. Arrateko
dantzak
, Durangaldeko dantzari-dantza, Zuberoako dantzak, kaskarots,
soka-dantza, Arratiako jotak
eta beste zenbait dantzaz osatutako emanaldiak
eskaini ditugu Eibartik joandako 37 lagunek. Kezka dantza taldeko
dantzariekin batera, Elgoibarko Haritz dantzari taldeko dantzariek, eta
Kezkako eta Ermuko
txindurri dantza taldeko txistulariek eta Agirrebeña anai-arrebak trikitilariek
osatutako musikari taldeak dute espedizioa.

Abuztuaren
15ean, Andra Mari egunean, Belgikako kostaldean, De Panne hirian
eskaini genuen emanaldia. Abuztuaren 18an berriz, jaialdiko azken
emanaldia Sint-Niklaas-eko Stadschouwburg
antzokian egin zen. Denera, 10 emanaldi eskaini ditugu 7 egunetan,
baina hala ere turismo apur bat egiteko tartea ere izan dugu, izan ere
besteak
beste Brujas, Gante edo Sint-Niklaas bera ezagutzeko aukera izan dugu.

2006-08-16_Sint-Niklaas_4888
Azpimarratzekoa da beren etxeetan hartu gaituzten familiekin sortutako harremana, eta nola ez, astebete honetan gure gidari eta betiedozertarakoprestzeudenlagunak izan
ditun Bart eta Katrijn-ekin izandakoa. Haien sekretuko ezkontzaren
berri izan eta Antwerpeneko udaletxe aurrean dantzatu genien.
Biharamunean, Sint-Niklaaseko udaletxe plazan bertan, Beljikako plaza
handienean
, ezpata-dantzarekin ohoretu genituen ezkonberriak.

Batzuetan antzoki eder eta dotoreetan aritu gara, beste batzuetan
jendez gainezka zeuden areto txikiagoetan. Dantzariak saiatu dira
txispak ateratzen, eta musikariak dotore aritu dira. Arrateko eta
Durangaldeko ezpata-dantzak han eta hemen erakutsi ditugu, eta trukean
Eskoziako ezpata-dantzak eta Flandriako ezpata-dantzak ezagutzeko aukera izan dugu,
aipatzekoa flandriarrek azken egunean makilekin, aro batekin eta danbor
huts batekin
egin zuten ezpata-dantza ikusgarria. Gainera, eskoziarrek beren
dantzetan egiten duten Pas de Basque urratsa
ikasteko aukera izan
genuen, batzuk Serbiako taldearen dotoreziak harritu gintuen, eta beste batzuk
Letoniako neskekin fitxak sartzen
saiatu ziren…
2006-08-13_JG_4960

Jaialdiko parte hartzaileeontzat antolatu zen festan beste talde bat
imitatu behar zuen herri bakoitzak, eta guk eskoziarrena egin genuen,
ezpata-dantza, haien gaiteroaren pareko gure Mc’tree gaitero eta guzti. Horren famatua den garagardo
beljikarra dastatzeko aukera izan dugu, Mutik ez du erraz ahaztuko bere
urtebetetzeko ospakizuna -ezta jasotako musu pila ere…-, eta azken
egunean, aste osoan buruan genuen galderak erantzuna izan zuen: Zer
daramate eskoziarrek gona azpian?

  • Argazkiak hemen. Gutxi batzuk, milaka argazki atera baitituzte gure produktore bikainek eta aukeratzea ez da lan makala!
  • Prentsa ere ondo portatu da eta hona adibide batzuk: 1, 2, 3, 4 eta 5. Belgak ere bai! Ikusi hemen Gazzet Van Antwerpen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude