Umión

Eibartik irteera: 7:00etan

Parte-hartzaileak: Julian, Iñaxio, Garate, Javi, Fernando, Angel, Arrate, Roberto eta Mari Carmen.

Autoak: Angel eta Roberto.

Proposatutako ibilbidea, Orbañanos herrixkatik abiatuta, Umion, Flor eta Mancubo tontorretik pasatzen den zirkular bat da. Umion delarik, “Montes Obarenes” naturaguneko, tontorrik garaiena.


Orbañanos herrixkaren goialdetik abiatu gara (8:50) iparralderantz, PR-BU-111 ibilbidearen marra hori/zuriei jarraituz. Ezkerretara hilerria utzi dugu eta, pixka bat gorago, ur-biltegia. Laster, kartel adierazle batek (8:58) Jarrillas-eko atakarantz jarraitu beharreko bidea adierazten digu, ezkerretik hartu behar dugu, ondo markatutako bideari jarraituz, pinudi bat gurutzatu, “La Asnilla” iturriaren ondotik igaro (9:33) eta, gorago, pagadi eder baten sartu gara.
Basotik irten eta, harkaitzezko eta belarrezko eremu mistotik gorantz jarraitu dugu. Aipatutako atakara iritsi gabe, gure eskuinean mugarrien segida batek (10:09) zuzenean Umiongo (1434m.) (10:43) tontorreraino garamatza. Bista ederrak Arcena eta Valderejo mendilerroen aldera, gure oinetan Santa María de Garoñako zentral nuklearra bistan.
Ohiko argazkiak egin eta, gure hurrengo helburuetara jo dugu mendi-bizkarretik jarraituz hego-ekialderantz. Jarrilla atakatik igaro (11:27) eta Flor (1338m.) (11:46) mendira igo gara. Ikuspegi ederrak, atzealdean Gorbeia, Anboto eta beste batzuk ezagutu ditugu. Eguraldia ona da, baina, haizetik babestu behar izan dugu eroso egoteko zerbait jan-edaten dugun bitartean.
Norabidea mantenduz, Flor eta Mancubo mendiak banatzen dituen Mancuboko atakara jaitsi gara, gutxi zehaztutako bidezidorretik behera eginez 300 metroko altuera galduko dugu. Jarraian, azken helburura igotzeari ekin diogu, Mancubo (1186m.) (12:40).


Egin dugun bidetik aurreko leporaino itzuliko gara, hemen adi egon behar dugu hito bat ikusi arte (12:54), bertan, Orbañanos aldera jaitsiera hasten da, eskumara apur bat eginez laster bidezidorra ikusgarriago egiten da. Marra berde eta zuri batzuk ikusi, eta lepo garbi bateraino jarraituko diegu (13:11). Hemen ezkerrerago dagoen bidea hartu dugu, pagadi batera eramaten gaituena. Landaretzak bidearen zati handi bat estaltzen du, sasiz betetako bidezidorrak zangoek zigortzen dizkigu, jaitsiera nahiko neketsua eginez. Pista zabal batera irten eta, pixka bat igo gara haren goialderaino. Harri solte dun pistatik behera egin, eta laster iritsi gara Orbañanosera (14:21).


Iturrian garbitu eta arropa aldatu eta ondoren Ruta de Europa jatetxera joan gara bazkaltzera. Menua oso zabala eta ugaria da, Arabako Errioxako ardoa eta Nafarroako gorria duela 12,25 €tan dago. Kafeekin eta patxaranarekin 15,25 €tan jarri zaizkigu.