
Uztailaren 2an arratsaldez, noizean behineko euriaren bisitarekin jokatu zen Jose Mari Kruzetaren omenezko Eibarko Hiria 32. xake txapelketa Untzaga Plazan. 14 talde bertaratu ziren bertara oraingoan, iazko 22 taldetatik urrun, baina berriz ere xake-arratsalde bikain batez gozatzeko gogoarekin. Aurretik 13 txanda, lagunak berriz ikusteko aukera eta gure kirola praktikatzeko aukera: larunbat baterako plan hoberik bai? 😉
Arratsalde lasai baten ostean, Donostiako Gros Xake Taldea izan zen garaile, guztira 45.5 puntu lortuta. Santi Gonzalez, Iñigo Argandoña, Iñigo Martin, Ivan Muñoz eta Luis Olaizolak osatutako taldeak erritmoa markatu zuen eta inork ezin izan zion jarraitu ere egin. Berdinketa bakarra atera zioten, eta gainontzeko match guztiak irabazi egin zituzten. Bigarren postuan 37.5 punturekin Leioako Altzaga sailkatu zen, Alvaro Diaz, Asier Gonzalez, Rafa Baños eta Erlantz Miguelezek osatutako taldearekin. Hirugarren postua, 36 punturekin, Errenteriako Fomento Cultural taldearentzat izan zen, bertan Txus Agirretxe, Jose Ramon Ros eta Juan Jose Saenz aritu ziren. Hemen sailkapen osoa:
Rk | ID | Team | Fed | Games | + | = | – | Pts | ||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | 7 | GROS | ESP | 13 | 12 | 1 | 0 | 45.5 | ||
2 | 2 | ALTZAGA | ESP | 13 | 10 | 1 | 2 | 37.5 | ||
3 | 6 | FOMENTO | ESP | 13 | 8 | 5 | 0 | 36 | ||
4 | 1 | ABADIÑO | ESP | 13 | 9 | 2 | 2 | 35 | ||
5 | 9 | IZEAGA | ESP | 13 | 5 | 4 | 4 | 26 | ||
6 | 4 | EASO | ESP | 13 | 5 | 3 | 5 | 25.5 | ||
7 | 13 | SANTURTZI | ESP | 13 | 4 | 4 | 5 | 24.5 | ||
8 | 11 | ZARAUTZ | ESP | 13 | 2 | 5 | 6 | 23.5 | ||
9 | 10 | PORTUGALETE | ESP | 13 | 3 | 3 | 7 | 22 | ||
10 | 5 | EGIDAZU | ESP | 13 | 2 | 4 | 7 | 21.5 | ||
11 | 8 | HONDARRIBI-MARLAXKA | ESP | 13 | 4 | 2 | 7 | 20.5 | ||
12 | 12 | ZORNOTZA | ESP | 13 | 2 | 5 | 6 | 20 | ||
13 | 14 | C.D. EIBAR A | ESP | 13 | 3 | 2 | 8 | 16.5 | ||
14 | 3 | ANAITASUNA-KAKUTE | ESP | 13 | 0 | 3 | 10 | 10 |
Aurtengoan, aurreko postuetatik urrun geratu zen Eibarko taldea, azken aurreko postuan hain zuzen ere 16.5 punturekin. Ez zuen egun ona izan ez David Pérez, Jon Arana, Emilio Freire eta Lander Ajak osatutako taldeak. Azkoitiko Anaitasuna Kakuterekin erdibana osatu zuten taldean ere izan zen eibartarrik, han aritu baitziren Jose Antonio Garrido eta Aitor Beorlegui.
Taldekako txapelketa izanik, mahai bakoitzeko jokalari onenarentzako sariak ere izan ziren Lehenengo mahaiko jokalari onena Donostiako Easo taldean aritu zen Xavier Bedauertentzat izan zen 12 puntu lortu baitzituen. Bigarren mahaian Zarauzko Erik Juez izan zen onena 10.5 punturekin, Iñigo Argandoñarekin berdinduta. Hirugarren mahaian Juan Jose Saenz Fomentoko jokalaria izan zen onena partida guztiak irabazita. Laugarren mahaian Fomentoko Aitor Gonzalez gailendu zen 12 punturekin, Groseko Ivan Muñozekin berdinduta.
Sari banaketan, Margari Olañeta izan genuen gure artean eta baita Patxi Lejardi zinegotzia ere Eibarko Udalaren izenean.
Arratsalde guztian, gainera, ARNASA elkartearekin elkarlanean Xake Mate Fibrosi Kistikoari kanpainan parte hartu genuen, horretarako gaztetxo eta ez hain gaztetxoentzat, xakean aritzeko aukera izan zen Errenteriako Fomento Culturalek utzitako xake erraldoiari esker eta xakean aritzeko jarri genituen mahai eta jokuei esker. Gaixotasun hau ezagutzera eman eta gizarteratzeko aukera ezinhobea izan zen.
Eskerrik asko atzo Eibarrera etorri zineten guztioi, guk adina disfrutatu bazenuten, ez da gutxi! Datorren urtean gehiago!