Larunbatean arratsaldeko 16:30tatik aurrera jokatuko da Untzaga plazan Jose Mari Kruzetaren omenezko Eibarko Hiria 40. Xake Txapelketa
Eibarko Klub Deportiboak antolatuta.
Euskal Herri guztiko 20 talde ezberdinen partehartzearekin, arratsalde guztian zehar, 5 minutuko partidak jokatuko dituzte bertaratutako jokalariek. Partida modalitate hau xakeak duen bizi eta ikusgarriena da, minutu gutxiren buruan bukatu behar izaten baitute partida jokalariek.
Untzagan izango dira larunbatean azken edizioetako txapeldunak, Donostiako Gros Xake Taldea edo Errenteriako Fomento Cultural; eta baita Arrasate, Hondarribia, Beasain edo Portrugaleteko taldeak ere, batzuk esatearren. Iaz bezala aurten ere emakumeez osatutako talde bat etorriko da Azkoititik.
Partidak Untzaga plazan jokatuko dira, horrela Klub Deportiboak duen xakea kalera ateratzeko helburua betez. Eguraldiak lagunduko ez balu, partidak Udaletxearen arkupean jokatuko dira.



Deja una respuesta