Larunbatean jokatu zen azken aurreko txandaren ondoren eta hilaren 23an jokatuko den azken txandaren faltan, guztia erabakitzeke dago oraindik klubean jokatzen ari diren Gipuzkoako Txapelketetan.
Maila gorenean, Oier Sarasketa (Zumaia KBI) eta Patxi Morenoren (Hondarribi-Marlaxka) arteko berdinketaren ostean, Patxi Moreno gelditu da, 5 punturekin, sailkapenaren lidergoan. Bere atzean du, ordea, Asier Etxagibel (Arrasate-Arlutz), larunbatean Aimar Alvarez (Villabona) garaitu ostean, 4,5 punturekin bigarren postuan baitago. Bi jokalari hauen artean erabakiko da txapelketa, elkarren aurka jokatuko baitute datorren astean. Patxi Moreno berdinketarekin txapelduna izango litzateke, Asier Etxagibelek, ordea, irabazi egin behar du baina pieza zuriekin jokatuko du partida. Hirugarren posturako leihan, Oier Sarasketa eta Asier Lakuntzaren arteko partida interesgarria izango dugu, eta hauek huts egingo balute, atzean zain daude Aimar Alvarez eta Ander Bravo (Villabona) batetik eta Ibon Muñoz (Bidasoa Irun) eta Aritz Izagirre (Luzaro – Orereta) bestetik. Leiha estua espero dugu larunbatean.
Bigarren mailako txapelketan aldiz, gora behera asko izan dira, bi jokalarik txapelketa utzi baitute, eta beste bat ez baita bi partidara iritsi. Beraz, araudiak horrelako txapelketei dioena aplikatzeko zain, Urtzi Lasa (Arrasate-Arlutz) da lider 4 punturekin, eta bere atzetik datoz Aitor Beorlegi (Eibar) eta Iker Ruiz (Elgoibar) 3 punturekin. Azken txandan, Iker Ruizek Urtzi Lasa izango du aurrean, eta maila gorenean bezala, Urtzik nahikoa du berdinketarekin, bere aurkariak irabazi behar duen artean eta pieza zuriak izango ditu horretarako. Aitor Beorlegi ere emaitza horren zain izango da, Asier Lasa izango baitu aurrean.
Hirugarren mailako txapelketa joan zen astean amaitu zen, Adur Muñozen (Bidasoa Irun) garaipenarekin, 4 punturekin lider amaitu baitzuen. Bere atzetik Diogo Vale (Eibar) eta Iker Garcia (Eibar), sailkatu ziren 3,5 punturekin. Klubeko xake eskolako jokalariek izan dituzten emaitzak dira nabarmentzekoak, Mikel Saenz eta Endika Garciak 3 puntu lortu baitituzte.
Deja una respuesta