Archivo por meses: julio 2022

Ireki dugu 2022-2023 ikasturterako xake eskolarako matrikulazioa.

Hasiera baten bi talde egingo ditugu, ordutegi honekin:

Ostirala 18:00tik – 19:00ra
Ostirala 19:00tik – 20:00ra

Taldeek 8-10 ikasleko parte-hartzaile muga izango dute eta printzipioz LHko 3. mailatik aurrerako ikasleentzat dira. Kasu bereziak ere aztertuko ditugu. 

Klaseak Eibarko Klub Deportiboaren egoitzan izango dira eta euskaraz emango ditugu.

Izena emateko izen-emate orria bidali behar da edo Deporrera ekarri, izen-emate orria gure webgunean lortu daiteke https://www.deporeibar.com/xakea. Informazio gehiagorako idatzi xakea@deporeibar.comhelbidera.

Izen-ematea irailaren 9ra arte egongo da zabalik eta klaseak irailaren 16an hasiko dira. Urtean zehar, eskolan lekua badago, izena emateko aukera egongo da.

Deskargatu izenemate orria: ODT formatu libreanDOCX – Microsoft Word formatuan

Gros Xake Taldea garaile 36. Eibarko Hiria Xake Txapelketan

Larunbatean jokatutako Jose Mari Kruzetaren omenezko 36. Eibarko Hiria Xake Txapelketan Donostiako Gros Xake Taldea izan zen garaile 45 puntu pilatu ostean. Eguraldi ona lagun, Euskal Herri guztitik etorritako 14 talde bildu ziren Eibarren arratsalde osoan zehar jokatu zen txapelketan parte hartzera.

Aurten, berritasun gisa, 3 minutu eta jokaldi bakoitzagatik 2 segundo gehigarri ematen diren erritmoan jokatu ziren partidak, azkenaldian ohiko bihurtu diren erloju digitalei esker. Gainera xake-erraldoi bat ere jarri zen Untzagan eta bertaratu ziren asko eta askok jokatu zuten partidaren bat edo beste bertan.

Gros Xake Taldearen atzetik, sailkapenean Arrasate-Arlutz sailkatu zen 42 punturekin, ondoren Abadiño 39rekin, Errenteriako Fomento Cultural 37rekin eta Barakaldo 33rekin. Eibarko taldeei dagokienez, ez zuten egun onena izan, Deporreko A taldeak 10,5 punturekin azken aurreko postua lortu baitzuen, eta B taldeak, 7,5 punturekin azken postua. Lehenengo taldean Jon Arana, Xabier Beorlegi, Jose Antonio Garrido eta Lander Aja aritu ziren, eta bigarren taldean Diego Olmo, Aitor Beorlegi, Emilio José Freire eta Aimar García.

Sailkapen nagusia horrelaxe gelditu zen:

#TALDEAPUNTUAK
1GROS X.T. A45
2ARRASATE-ARLUTZ42
3ABADINO39
4FOMENTO CULTURAL37
5BARAKALDO33
6GROS X.T. B32
7ALFIL23.5
8EGIDAZU22
9SANTURTZI21.5
10BIDASOA20
11ANAITASUNA-KAKUTE16
12MARTINTXO15
13C.D. EIBAR A10.5
14C.D. EIBAR B7.5

Gainera, mahai bakoitzeko jokalari onenen sariak ere banatu ziren:

  • 1. mahaian: Juan Luis Alfaro (Fomento Cultural): 11,5 puntu 13 partidatik
  • 2. mahaian: Fran Miguel (Arrasate-Arlutz) eta Iñigo Argandoña (Gros X.T.): 12 puntu 13 partidatik
  • 3. mahaian: Txema Hernando (Arrasate-Arlutz): 12 puntu 13 partidatik
  • 4. mahaian: Aritz Eder Elexpe (Abadiño): 13 partidak irabazi zituen

Sari banaketak Eibarko Udalaren ordezkariak izan diren, Jon Iraola alkatea buru eta Ander Curiel kiroletako zinegotziarekin.