Larunbatean bukatu ziren Azpeitian jokatu diren Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketak. Bertan aritu dira klubeko hainbat jokalari: Jon Aranak Maila Gorenean jokatu du; Jose Antonio Garridok bigarren mailan; eta xake eskolako Adrian Martinikorena, Oier Garcia, Lander Aja eta Aitor Beorlegui berriz hirugarren mailakoan.
Adrian Martinikorena bigarren sailkatu da
Hirugarren mailako txapelketan azken urte hauetan xake eskolan aritu diren lau jokalarik jokatu dute. Adrian Martinikorena izan da lau hauen artean onena 5 punturekin 2. postua lortu baitu. Azken partidara jada maila igoera lortuta iritsi zen beste jokalarien emaitzak zirela-eta, eta azken partida txapeldun izango zen Francisco Palenciaren aurka galdu arren, bigarren postua lortu zuen. Bigarren postu honek, gainera, bigarren mailarako igoera eman dio Adriani eta datorren urtean maila horretan ariko da xakelari gaztea.
Bere taldekideei dagokienez, txapelketa txukuna burutu dute guztiek, horrela Oier Garciak 3.5 puntu lortu ditu, Aitor Beorleguik 3 puntu eta Lander Ajak 2,5 puntu. Urtarrilean hasiko den Taldekako Txapelketarako prestaketa ezin hobea izan da guztientzat.
Bigarren mailako txapelketan 11 jokalari bakarrik aritu ziren eta euren artean izan zen Jose Antonio Garrido. 1,5 puntu lortu zituen berak eta ez zen bere txapelketarik onena izan.
Maila Nagusian Jon Aranak 4 puntu eta 10. postua lortu zituen, Azpeitian bertan bizi den Alejandro Franco Nazioarteko Maisuak goitik behera kontrolatu zuen txapelketan. Izan ere 6,5 punturekin txapeldun izan zen maisua. Hala ere, Gipuzkoako gazteen indarra gero eta nabarmenagoa da, Francoren atzetik Juan Luis Alfaro, Aritz Abalia eta Patxi Moreno sailkatu baitziren, guztiak ere 20 urtez azpikoak.
Argazkiak: Iñaki Uranga, Xabier Beorlegui, Jorge García eta José Manual Aja.
Deja una respuesta