Abuztuaren 13tik 20ra klubeko xake jokalari batzuk Austriako Latschach herrian jokatutako Faaker See txapelketaren 32. edizioan jokalari aritu gara oporraldia eta xakea uztartuz.
Austriako hegoaldean, Villachetik gertu jokatu zen txapelketan guztira 90 jokalari bildu ziren eta euren artean ziren klubeko Jon Arana, Edu Olabe eta Mikel Larreategi eta Asier Etxagibel arrasatearra. Aurrerago Frantzian, Herbereetan edo Italian bezala, oporraldia eta xakea batzeak ideia zoragarria izaten jarraitzen du eta aurtengoan ere horrela izan da.
Bidaian zehar, Venezia, Ljubljana edo Bled ezagutzeko aukera izan dugu. Villach inguruko Faaker, Ossiacher edo Wörthersee lakuak ikusi baina bertan bainatzeko aukerarik ez genuen izan, eta 2000 metrotik gorako Mittagskogel mendira igotzeko ere aprobetxatu genuen. Ingurua zoragarria iruditu zitzaigun: mendiz inguratutako lautada bat, eguraldia ere ederra aire libreko hainbat eta hainbat ekintza egiteko guztiz prestatuta baitago.
Xakeari dagokionez (hemen sailkapen nagusia) Asier Etxagibel izan zen laukoteko jokalari onena, 5,5 punturekin 15. postua lortuz partidarik galdu ere egin gabe. Edu Olabe eta Jon Aranak 5 puntu lortu zituzten eta 27 eta 28. postua lortu zuten. Mikel Larreategik 4 puntu lortu zituen eta 52. postuan sailkatu zen. Txapelketaren jaun eta jabea Andrei Istratescu izan zen 8.5 puntu lortuta txapeldun gelditu zena.
Txapelketa Latschacheko kultura etxeko areto nagusian jokatu zen. Bitxikeria gisa, partidak 19:00tan hasten ziren eta erritmoa nahiko luzea zen: 90 minutu 40 jokaldi egiteko eta ondoren 30 minutu gehiago, uneoro jokaldi bakoitzagatik 30 segunduko gehigarriarekin. Txapelketan zehar normala egin zitzaigun gu partida jokatu aurretik kafea hartzera joan eta han txapelketa jokatzen ari ziren beste jokalari batzuk afaltzen aurkitzea. Ordutegi bereziak guretzat, zalantza gabe.
Eta datorren urterako zer? Badarabilgu zerbait buruan, topatuko dugu beste bidai eta txapelketa interesgarri bat!
Deja una respuesta