Archivo por meses: septiembre 2016

Xake Eskolarako matrikulazioa irekita

Irekita dago jada 2016/2017 ikasturterako Xake Eskolako matrikulazioa.

Aurreko ikasturtean bezala, bi talde osatuko dira:

  • Berriak / hastapena: Ostiralak 17:30 – 18:30
  • Aurretik hasitakoak / jarraipena: Ostiralak 18:30 – 19:30

Klaseak euskaraz izango dira.

Kasu-bereziak ere aztertuko dira. Matrikula egiteko bi bide daude: epostaz xakea@deporeibar.com helbidera mezu bat bidalita edo presentzialki ostiraletan 18:30tatik 20:30tara Eibarko Klub Deportiboaren bulegora etorriz.

Klaseen prezioa, hiruhilabeteko 30 €koa da eta klubeko bazkide izan beharra dago bertara etortzeko. Matrikularen prezioa ordaintzeko kontu-zenbakia eta bazkide egiteko txartela, klubean bertan lortu daitezke.

Matrikula egiteko azken eguna irailaren 30a izango da. Ondoren jakinaraziko zaizkie partaideei taldeak eta ordutegiak. Lehenengo klase eguna, urriaren 14a izango da.

32. Faaker See txapelketaren kronikatxoa

Abuztuaren 13tik 20ra klubeko xake jokalari batzuk Austriako Latschach herrian jokatutako Faaker See txapelketaren 32. edizioan jokalari aritu gara oporraldia eta xakea uztartuz.

Bidaiko laukotea Venezian
Bidaiko laukotea Venezian

Austriako hegoaldean, Villachetik gertu jokatu zen txapelketan guztira 90 jokalari bildu ziren eta euren artean ziren klubeko Jon Arana, Edu Olabe eta Mikel Larreategi eta Asier Etxagibel arrasatearra. Aurrerago Frantzian, Herbereetan edo Italian bezala, oporraldia eta xakea batzeak ideia zoragarria izaten jarraitzen du eta aurtengoan ere horrela izan da.

Jokalekua
Jokalekua
Jon Arana vs. Patrick Gelbenegger
Jon Arana vs. Patrick Gelbenegger
Markus Gaertner vs. Edu Olabe
Markus Gaertner vs. Edu Olabe
Markus Lipynski vs. Asier Etxagibel
Markus Lipynski vs. Asier Etxagibel

Bidaian zehar, Venezia, Ljubljana edo Bled ezagutzeko aukera izan dugu. Villach inguruko Faaker, Ossiacher edo Wörthersee lakuak ikusi baina bertan bainatzeko aukerarik ez genuen izan, eta 2000 metrotik gorako Mittagskogel mendira igotzeko ere aprobetxatu genuen. Ingurua zoragarria iruditu zitzaigun: mendiz inguratutako lautada bat, eguraldia ere ederra aire libreko hainbat eta hainbat ekintza egiteko guztiz prestatuta baitago.

Xakeari dagokionez (hemen sailkapen nagusia) Asier Etxagibel izan zen laukoteko jokalari onena, 5,5 punturekin 15. postua lortuz partidarik galdu ere egin gabe. Edu Olabe eta Jon Aranak 5 puntu lortu zituzten eta 27 eta 28. postua lortu zuten. Mikel Larreategik 4 puntu lortu zituen eta 52. postuan sailkatu zen. Txapelketaren jaun eta jabea Andrei Istratescu izan zen 8.5 puntu lortuta txapeldun gelditu zena.

Garaileen podiuma
Andrei Istratescu vs. Emanuel Frank
Andrei Istratescu vs. Emanuel Frank

Txapelketa Latschacheko kultura etxeko areto nagusian jokatu zen. Bitxikeria gisa, partidak 19:00tan hasten ziren eta erritmoa nahiko luzea zen: 90 minutu 40 jokaldi egiteko eta ondoren 30 minutu gehiago, uneoro jokaldi bakoitzagatik 30 segunduko gehigarriarekin. Txapelketan zehar normala egin zitzaigun gu partida jokatu aurretik kafea hartzera joan eta han txapelketa jokatzen ari ziren beste jokalari batzuk afaltzen aurkitzea. Ordutegi bereziak guretzat, zalantza gabe.

Jokalekurako sarrera
Jokalekurako sarrera

Eta datorren urterako zer? Badarabilgu zerbait buruan, topatuko dugu beste bidai eta txapelketa interesgarri bat!

Mikel Larreategi, Mittagskogel gailurrean
Mikel Larreategi, Mittagskogel gailurrean