Archivo por días: 25/03/2007

Emaitza onak baina ezin igoera lortu

Azkenean, oso gertu gelditu arren, ez da posible izan mailaz igotzea. Ez Lehenengo mailako taldeak, eta ezta hirugarrenekoak ere, ez dute mailaz igotzea lortu.

Lehenengo mailako taldeak 1-3ko emaitzarekin garaitu zuen ordurarteko liderra zen Zarautz B eta berdina egin zuen gure eibartarrekin berdinduta zegoen Easo B taldeak ere. Horrenbestez sailkapenean berdinduta gelditu dira Easo B eta Deporreko A taldea. Azkenean, eta partida guztien emaitzak kontuan hartuz kalkulatzen den desberdintze sistemako puntu erdiri esker, donostiarrak gelditu dira lehenengo postuan eta eibartarrak bigarren. Larunbateko partidan Haritz Garro, Jon Arana eta Manuel Lopezek, Jokin Larrañaga, Erik Juez eta Martin Iribarren aurkako partidak irabazi egin zituzten eta Diego Olmok Manuel Paredesen aurka galdu.

Urte osoko emaitzei begiratuz, nabarmentzekoak dira taldearekin partida gehien jokatu dituzten lau jokalariak. Haritz Garro eta Diego Olmo gazteek denboraldi bikaina burutu dute, lehenengoak jokatutako 10 partidetan 6.5 puntu atera ditu eta bigarrenak 6. Jon Aranak ere jokatutako 8 partidetan 6.5 puntu atera ditu eta klubeko jokalari beteranoena den Manuel Lopezek ere denboraldi bikaina burutu du 6 partidatik 4 puntu lortuz.

Hirugarren mailako taldeak erraz garaitu zuen Gros H taldea 0.5-3.5ko emaitzarekin, Julen Garro, Edu Olabe eta Mikel Baenaren garaipena eta Aitor Arroitajauregiren berdinketarekin. Hala ere, beste taldeen emaitzak ez ziren eibartarren aldekoak izan, eta denboraldi bikaina egin arren sailkapenaren 3. postuan gelditu dira.

Urte osoko emaitzei begiratuz, emaitza oso onak lortu dituzte klubeko gaztetxoenek. Nabarmentzekoak dira Julen Garrok jokatutako 10 partidetan lortu dituen 9 puntuak, eta Edu Olabek 9 partidatik lortutako 6.5 puntuak. Aitor Arroitajauregik 4.5 lortu ditu 7 partidatik eta Mikel Baenak 8 partidatan lortutako 4 puntuak.

Taldekako Txapelketa ofiziala bukatu den arren, ez da Deporreko xakelarien denboraldia bukatu. Datorren apirilaren 1etik 8ra, Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketan hartuko dute parte Deporreko 6 xakelarik, eta apirilaren 10etik 14ra Unibertsitate Laboralaren egoitzan jokatuko dira Euskadiko 16 eta 18 urtez azpikoen bakarkako txapelketak, eta han ere Deporreko 5 xakelarik hartuko dute parte.