C.D. Eibar A 2-2 Billabona A. Haritz Garroren kronika

Seigarren jardunaldi hau goiko postuetara gehiago gerturatzeko abagune paregabea zela pentsatzen genuen norgehiagoka hasi baino lehenago. Izan ere, gure aurkari zuzenek teorian gureak baino aurkari gogorragoak zituzten, baina Billabonako taldeak sailkapenak aditzera eman diezagukeena baino maila hobea erakutsi zuen, duda barik. Apika ateratako «hamaikakoa»-rengatik izango zen, baina niri behintzat talde sendoa zela iruditu zitzaidan, eta ondorioz ez dut uste aparteko arazorik edukiko dutenik lehenengo mailan mantentzeko. Jarraian partida bakoitzaren zertzelada txiki bat emango dut:

Jose Luis Amado 0.5 – 0.5 Unai Iraola

Damaren Ganbitoko Defentsa Ortodoxo baten ostean (oker ez banago bederen), Amadok iniziatiba lortu zuen. Bere alfil txuria oso boteretsua zen eta Unaien posizioa apur bat hertsia zegoela zirudien. Erdiguneko peoien sinplifikazioaren ostean erasokor aritu zen Jose Luis eta denbora dexente pentsatu ondoren alfila sakrifikatzea deliberatu zuen. Konbinazioak sakrifikatutako pieza berreskuratu eta peoi bat irabaztea ekarri zuen. Ordurako Unaien erlojuak minutu eskasi itzela zuen, baina maisuki aritu zen denbora estuasunetan eta peoia berreskuratzea lortu zuen. Ondoren, pieza ugari aldatu eta dorre eta hiru peoien final batera heldu ziren. Bazirudien bi jokalariek berdinketa adostuko zutela, baina Amadok puntu osoa eskuratu nahi zuen eta asko luzatu zen partida. Azkenean, hika-mika batzuen ostean, berdinketa adostu zuten. Amadoren «Ama-birjiñak salbatu zaitu» esaldiak argi erakusten du bere haserrea, uneoro kontrolpean izan baitzuen partida bere ustetan.

Asier Ibaibarriaga 0.5 – 0.5 Haritz Garro

Asierrek Damaren Ganbitoko Saemisch erasoa jokatu zidan, endroke motzarekin. Nik f5 jokatu nahi nuen, baina berak ondo ekiditen zituen nire saiakerak. Damaren hegalean gaizkiago nengoela ikusita, ordea, f5 jokatu nuen. Berak Damaren hegaleko erasoarekin jarraitu zuen, eta nik peoi baten truke bere zaldi zentralizatua nire zaldi pattalarengatik aldatu nuen. Peoi horrek berari garaipena emango ziola zirudien, baina nik erregina eta dorrea erabilita bere errege moztua erasotu nuen. Eraso hori saihesteko peoia bueltatu behar zuela ikusita, berdinketa proposatu zidan Asierrek eta nik onartu egin nuen.

Diego Olmo 0 – 1 Juan Ignacio Saenz

Ruy Lopez irekigunean f5 jokatu zuen beltzak, eta jokaldi gutxitara Diegok pieza galdu zuen despiste batean. Hortik aurrera konplikatzen saiatu zen txuria baina ez zuen deus lortu.

Juan Miguel Etxebeste 0 – 1 Jon Arana

Ez nuen partida hau gertutik jarraitzeko betarik izan, baina Damaren Ganbitoko Defentsa Ortodoxo bat izan zela uste dut. Jon bere estilo lasai eta sendoarekin apurka apurka bere posizioa hobetzen joan zen, eta nire partidaren antzera aurkariaren errege moztua aprobetxatu zuen garaipena erdiesteko.


Comments

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.