Apirilaren 18tik 22ra Eibarko Unibertsitate Laboralean jokatu diren Euskadiko Kadete eta Jubenilen txapelketetatik irten dira 2006ko txapeldun berrien izenak: Sergio Trigo jubenil mailan eta Bruno Villanueva kadeteetan, izan dira txapelketak irabazi dituztenak.
Jubeniletan 5 eta 6 jokalariko bi talde osatu ziren txapelketa hasteko. Lehenengo 5 txanden ondoren, alde batetik Jon Angulo eta Ander Zulaika eta bestetik Iñigo Martin eta Sergio Trigo, sailkatu ziren sailkapenenko lehenengo 4 postuengatik borroka egiteko. Iñigo Martin donostiarrak zailtasun handirik gabe garaitu zuen Ander Zulaika zarauztarra, baina Jon Angulo eta Sergio Trigo bizkaitarren arteko partida izan zen bietan gogorrena.
Partida berdinketarekin amaitu zen, eta desberdinketa partida jokatu zuten bi jokalariek 10 minutuko partida bat jokaldi bakoitzagatik 5 segundo jasoaz jokatuz. Partida hau ere berdinketan bukatu zen eta azken partida bat jokatu zuten. Zozketaz erabaki zen Jon Angulok pieza zuriak eta 6 minutu edukiko zituela partidarako eta Sergio Trigok beltzak eta 5 minutu, berdinketa gertatuz gero Sergio sailkatuko litzateke finalera. Partida interesgarria jokatu zuten bi bizkaitarrek, eta azkenean Sergio Trigo gailendu zen, finalerako txartela lortuz.
Final handian, Sergio Trigo eta Iñigo Martinen arteko partida, goizeko partida luzeena izan zen eta azkenean lehenengoaren alde geratu zen, txapela Bizkaia aldera eramanez. Hirugarren eta laugarren postuko borrokan, Jon Angulo sopelarra erraz gailendu zitzaion Ander Zulaika Zarauztarrari, hirugarren postua ere Bizkaia aldera eramanez.
Kadeteen mailan berdintasuna izan zen nagusi, azkenengo txandan 4 jokalarik baitzituzten txapelketa irabazteko aukerak. Eta partida interesgarriena lehenengo mahaian Bruno Villanueva bizkaitarrak eta Diego Olmo gipuzkoarrak jokatu zutena izan zen, biek baitzuten txapelketa irabazteko aukera. Azken ordura arte partida interesgarria jokatu zuten bi jokalariek, eta momentu askotan gipuzkoarrak irabaziko zuela zirudien arren, Diegoren azken orduko akats batek bizkaitarraren alde utzi zuen partida eta ondorioz txapela.
Bigarren postuan Iban Retegi oiartzuarra sailkatu zen 4.5 punturekin eta hirugarren Alvaro Diaz bizkaitarra 4 punturekin.