Archivo por días: 12/02/2006

Liderrak

Larunbatean Eibarko Klub Deportiboan Gipuzkoako Ligako jardunaldi berri bat jokatu zen. Bai lehenengo taldeak bai bigarrenak etxean jokatu genituen partidak, eta ondorioz giroa oso polita izan zen.

Emaitzei begiratuta , pozik egoteko moduan gaude. Hirugarren mailan, adibidez, Eduk eta nik eskapada ederra egin genuen. Biak zeharo galduta egon arren, azkenean Eduk irabazi eta nik berdindu egin nuen. Mikelekin antzerako gauza bat gertatu zen. Partida hasi eta gutxira gaztelua galdu arren, ez zuen etsi eta berdinketa erdietsi zuen. Lourdesen seguruenik ez dira hainbeste mirari bata bestearen atzetik maiz gertatuko. Diego izan zen estualdirik gabe irabazi zuen bakarra. Defentsa siziliar batean pixkanaka pixkanaka gailendu zen.

3-1eko azken emaitzarekin, lidertza berreskuratu dugu. Hurrengo astean bigarrenaren aurka jokatzen dugu, eta bertan ikusiko da bigarren mailara igotzeko moduan gauden edo ez. Orain arte gauzak ongi egiten ari gara, eta nire iritziz igotzeko aukerak izango ditugu. Alde honetatik ni baikorra naiz.

Bestalde, lehenengo taldeak berdindu egin zuen aurkari zuzen batekin. Ez da emaitza txarra, eta jeitsiera postuetatik irteteko balio du.

Eguneko anekdota Manolok ekarri zigun. Denok lasai lasai geunden jokatzen, eta bapatean segapoto baten soinuak denok aho zabalik utzi gintuen. Norena izango, eta Manolorena. Diego eta ni azkar atera ginen barre algarak botatzeko. Emiliok ere bere barreak bota zituen. Manolo, ordea, mugitu ere ez zen egin. Horrek erakusten du partidetan kontzentrazioa ez duela inoiz galtzen.

Hurrengo asteetan bitxikeria gehiago egongo dira, seguru. Xakea aspergarria dela esaten dutenak ezjakin hutsak dira.