“Taldean ikasketak eta txirrindularitza uztartzeko tendentzia handia dago, eta ulertu egiten gaituzte”
(C) Ziklix Photo / Bidasoa Itzulia
Mikel Irigoien taldean aritzen den 24 urteko txirrindulari beratarra da. Txirrindularitza betidanik arnastu duen arren, lehiaketa munduan erlatiboki berria da, elite eta 23 urtez azpiko kategorian lehiatzen hasi zelarik. Mikelek, taldeko txirrindulari guztiek bezala, bere ikasketekin uztartzen ditu entrenamenduak eta lehiaketak.
Zer ikasten duzu eta zergatik duzu gustuko?
Ingenieritza mekanikoa ikasten dut EHUn. Aurten azkeneko urtea egiten ari naiz eta ekainean praktikak hasiko ditut. Txikitatik mekanika eta diseinua gustuko izan ditut eta graduak baldintza horiek betetzen dituela uste dut.
Ikasketak eta kirola uztartzea egingarria dela deritzozu? Zein dira antzeman dituzun zailtasunik handienak?
Noski, egingarria da gogoa jarriz gero. Denbora falta nabaria da biak uztartzerako orduan, batez ere momentuoro biak kontrolpean izateko. Negua bereziki gogorra izaten da, klaseekin eta argi faltarekin entrenatzeko denbora ateratzea zailagoa baita. Aldi berean, udaberri eta uda aldera zailagoa egiten zait ikasketekin aurrera egitea entrenamendu gogorrek eta lehiaketek eragiten duten nekeagatik.
Nola babestu ditu taldeak zure interesak biak uztartzerako orduan?
Taldeak ikasketak priorizatzea garrantzitsua dela ulertzen du. Azterketa garaian egutegiak uztartzen laguntzen digu, eta beharrezko gestioak egiteko ere laguntza eskaintzen du.
Orokorrean, ikasketak eta lehiaketak uztartzeko tendentzia handia ikusten duzu?
Gure taldean ikasketak aurrera eramateko tendentzia handia dago. Gradu eta ikasketa ezberdinak ikasten dituzten txirrindulariak daude, tartean ingeniariak, medikuak, edota mekanikariak. Batzuen kasuan txirrindularitzarekin uztartzeko arazoak azterketek eragiten dituzte, eta besteen kasuan aldiz, praktikek.



Utzi erantzuna