4 terdiko eskuz banakako txapelketa martxan da

Joan den asteburuan 4 1/2 banakako Gipuzkoako txapelketako lehen jardunaldian, emaitzak hauek izan ziren: Astelenan, Azkargortak 21-22 galdu zuen Bergarako Etxezarragaren aurka, eibartarra hotz samar hasi zen partidan eta markagailuan atzetik egon zen distantzia dezentekin, baina 21era berdintzea lortu zuen eta zorteak azken tantoa aurkariaren alde erortzea nahi izan zuen. Kadeteetan, Azpilikuetak 22-8 irabazi zion Oñatiko Lizarralderi, oso pelotakada gutxiko partidan, ze armaginaren tanto gehienak sakez egindakoak izan ziren. Udaberri eskuz binakako Txapelketako lehen jardunaldian, errendmenduan, Varona eta Del Rey infantilek partidako bi puntuak eraman zituzten 18-0eko emaitzarekin amezketarraren ez agertzeagatik.
Etxetik kanpo jokatutako partidei dagokienez, Azkoitian Iraolagoitiak 22-10 galdu zuen bertako Aldazabalen aurka; infantiletan, Amillategi eta Gil eibartarrek 18-7 galdu behar izan zuten tolosarren aurka Beotibarren; Zestoan, Conde armagileak 10-22 irabazi zion Odriozolari eta Zumaian Aguirresarobe eibartarrak ere irabazi zuen, 8-22 Alkantararen aurka.

Udaberri eskuz binakako txapelketako bigarren jardunaldirako, ostiral honetan, hilak 28, Astelena pilotalekuan, 18:30ean hasita, lehenengo partidan, Eibarko Amillategi eta Gil infantilek Oiartzungo bikotearen aurka jokatuko dute. Jarraian,  4 eta erdiko eskuz banakako txapelketako bigarren jardunaldiko partidak jokatuko dira,  eta senior mailan hasita, EKDko Aguirresarobek  Oñatiko Perez izango du aurkari. Jarraian, senior mailan, Conde eibatarrak Aranbarri azkoitiarra izango du aurkari. Eta jaialdiari amaiera emateko, 4 1/2an barruan baita, jubenilen partida, non Soraluzeko klubeko kamisetarekin Ibon Ibarrak Erauskin lazkaotarraren aurka jokatuko duen.
Etxetik kanpo Varona eta Del Rey eibartarrak, errendimendu mailan, Lazkaon jokatuko dute; Azkargortak Orioko Aranbururekin neurtuko ditu indarrak senior mailan eta Azpilikueta kadeteak larunbatean 9:30ean jokatuko du Azpeitian Frontoi Txikin, 4 eta erdiko txapelketakoa Bastidaren aurka.

Eibarko Paleta Gomako  txapelketak ere martxan jarraitzen du azken faseko partidekin eta ostegunean 19:00etan hasita  Iosu eta Guineak osatutako bikoteak  Soria eta Lombrañaren aurkako norgehiagoka jokatuko dute, eta ondoren Azpilikueta III.a-Unda bikotea Sarobe eta Betonek osatutako bikotearen kontra. Eta apirilaren 29an, larunbata, 10:30ean hasita, Tota eta Yurgui bikoteak Mendibe eta Conde bikotea izango dituzte aurkari eta ondoren Zabala eta Txirloi alde batetik eta  Iker eta Tito bestetik izango dira aurrez aurre.

Zumaian, 4 t’erdiko txapelketako partida, Aguirresarobe eta Alkantara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude