Gogotsu dabiltza pilotariak!!

Emaitza onak lortu zituzten joan den astean Eibarko Klub Deportiboko pilotariek: infantil mailan, Del Rey eta Gilek osatutako bikoteak 18-4 irabazi zion Astelena frontoian Olaldeko bikoteari eta Amillategi eta Varona armagileek ere 7-18 irabazi zuten Azkoitian .
Narvaiza eta Aguirresarobe seniorrek oso garaipen garrantzitsua lortu zuten Udaberri Eskuz binakako txapelketan Aretxabaletaren aurka, partida ikusgarri batean, lehia estua eta bukaera zirraragarria izan zuena, aurreko kuadroetan tanto ikusgarriekin. Garaipen honek, gainera, multzoko bigarren jartzen ditu eta gainontzekoengandik distantzia areagotu egiten ditu.
Kadete mailan, Araolazak eta Urkiagak ezin izan zuten etxean irabazi azpeitiarren aurka, eta ostiral honetan, hilak 10, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan, Biain eta Lizarralderen aurka neurtuko dituzte indarrak postuak berreskuratzeko sailkapenean. Azpilikuetak eta Gisasolak hauek bai, bi puntuak lortu zituzten Tolosako Beotibarren, oso puntu garrantzitsuak multzoko lehen postua jartzen direlarik.
Joan den ostiralean Astelenan jaialdia itxi zuen gomazko paleta partiduan, Soriak eta Gineak osatutako eibartar bikoteak garaipena lortu zuen Igeldoko Lizarazu eta Zubeldiaren aurka, hasiera batean parekatua izan bazen ere, behartu gabeko akats batzuen ostean, 25-16 gailendu ziren armaginak eta Udaberri de Paleta Goma txapelketaren barruan aurrera jarraitzeko aukerak mantentzen dituzte.

Asteburu honetako jardunaldirako, Ibarra eta Caramanzana gjubenilek, Mitxelena eta Olaiz oiartzuarren aurka jokatuko dute herri horretako Madalensoro frontoian otsailaren ostiralean.

Astelena pilotalekuan ostiraleko asteroko jaialdia Eibarko Pilota Eskolako txikienen arteko partidarekin hasiko da, 18:15ean. Jarraian, Gipuzkoako Errendimendu Txapelketaren barruan, Amillategik eta Varonak osatutako Eibarko infantil bikoteak, 19:00etan, Oñatiko Azkue eta Egurbideren aurkako partida defendatu beharko du eta amaitzeko, Udaberri eskuz binakako partida ikusi ahal izango dugu senior kategorian, Azkargorta eta Conde ordezkari eibartarren eta Donostiako Huegun eta Sorondoren artean.
Del Rey eta Gil infantilek berriz, Arbulo eta Sarasua izango dituzte aurkari ostiralean Aretxabaletan.
Gipuzkoako Errendimendu Txapelketako azken jardunaldi honetan, EKD Eibarko infantil mailako bi taldeak oso ondo kokatuta daude, biak euren multzoko bigarren postuan eta garaipenak bi taldeei bigarren faserako zuzeneko pasea ziurtatuko lieke gainerakoek egiten dutena kontuan izan gabe.


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude