Hileko artxiboak: azaroa 2022

Pauso bat gehiago hurrengo faserako

Xuban Varona eibartarra infantilen kategorian final-zortzirenetara heldu da eta bere jarraipena defendatu beharko du ostiral honetan azaroak 2, astero Astelena frontoian ospatzen den jaialdian, 18:30ean hasita.
Jaialdia eskuz binakako lagunarteko batekin hasiko da, Liher Gil eta Aleix del Rey bikotea  Aratz Amillategik eta Unax Agirrek  (azken hau bergararra) osatutako bikotearen aurka.
Jarraian, Gipuzkoako txapelketako partida ofizialak  jokatuko dira, buruz burukoak, eta kartela zabalduz aipatutako Xuban Varona eta Villabonako Larrarte neurtuko dira , infantil errendimendu mailan.
Jubenilen mailako partidua izango da bigarrena, bere multzoko lehen sailkatua dagoen Ibon Ibarra eibartarrak Bergarako Alberdiren aurka lehen faseko azken partidari aurre egingo dio eta jaialdiari amaiera emanez, senior mailan, Azkargorta,  ondo kokatuta bigarren postuan bere multzoan, Aretxabaletako Zubia izango du aurkari lehen faseko azken jardunaldian.

Animatu danok frontoira!!!

Etxetik kanpo jokatzen diren partidak hauek dira:

Getarian ostiralean abenduak 2, kadete mailan, Azpilikueta eibartarrak,  multzoko bigarren kokatua, bere partida defendatuko du bertako Albeniz pilotariaren aurka. Zestoan, ostiralean baita ere, Urkiaga kadete eibartarrak, multzoko bigarren postuan baita, oso ondo kokatuta, partida erabakigarria jokatuko du Alonsoren aurka azken fasean tokia lortzeko.
Gauza bera egingo du jubenil mailan Iraolagoitiak Oñatin, bere multzoko lehen postuan kokatuta,  lehen faseko azken partidari aurre egin eta postu hori defendatuko du Guridiren aurka,  eta larunbatean, hilak 3, Azmezketan, senior mailan, Conde eibartarra, bigarrena kokatuta bere taldean, Zabala  izango du aurkari.

Eskuz Banakako Gipuzkoako Txapelketan bete-betean

Eskuz Banakako Gipuzkoako Txapelketan, EKD -Eibarko Klub Deportiboko infantil Errendimendu mailako lau  pilotariak final-zortzirenetara pasatu dira eta asteburuan hasiko den kanporaketa fasean sartzen dira orain.

Asteroko jaialdian, ostiral hontan azaroak 25, Astelena pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan hasita, infantil mailako partidak egongo dira: Aleix del Rey eibartarra Astigarragako Isastin aurka eta Liher Gil eibartarra Adunako Navarroren aurka jokatzen dute . Aratz Amillategik Garaikoetxearen aurka jokatuko du  Alegin ostiralean 18:30ean eta Xuban Varonak Izagirreren aurkako partida defendatuko du Zestoan larunbatean azaroak 26, 16:15ean.

Ostiral honetan, gainera, Astelena pilotalekuan,  federatuen mailan Gipuzkoako eskuz banakako txapelketako lehen faseko bigarren jardunaldia jokatuko da: kadete mailan, Eibarko Urkiagak Lazkaoko Aranburu  izango du aurkari eta Azpilikuetak Alzua ataundarra garaitu beharko du. Iraolagoitia armagile jubenilak, bere multzoko lehenengo postuan kokaturik, etxean jokatzen du Bergarako Lazpiurren aurka.

Etxetik kanpo, jubenil mailan ere, Ibarra eibartarrak, bere multzoko lehen postuan kokatuta baita, Zestoako Lizarralderi aurre egingo dio larunbatean, azaroak 26, goizeko 10:00etan Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan.
Eta senior mailan, Eibarko Azkargortak, Mendizabal zaldibiarra izango du aurkari herri horretako Resti pilotalekuan jokatuko den partiduan, azaroak 25ean, ostirala, 18:30etan.

Animo mutilak!!

Astelena berriz ere martxan!!

Gaur, azaroak 10, eskuz banakako partidua Azkoitiko Gurea pilotalekuan, Alkorta  pilotari azkoitiarraren eta  Liher Gil eibartarraren artekoa, 18:45ean.

Ostiralean, hilak 11, Astelena pilotalekuan asteroko ohiko jaialdia 18:30etan hasita, infantil  kategorian banakako bi partidurekin, lendabizikoan Aratz Amillategi eibartarra  Bergarako Montalboren aurka arituko da eta bigarrenean  EKD Eibarko  Aleix del Rey,  Zestoako Alberdiren aurka. Jaialdiari amaiera emateko, jubenilen mailan eskuz binakako partidua, Ibarrak eta Caramanzanak osatutako eibartar bikoteak, Larrañaga eta Lizasok osatutako bikote azpeitiarra izango du aurkari.

Ostiralian baita ere, baina Azkoitiko Gurea pilotalekuan 19:00etan, infantil mailako banakako partida jokatuko da bertako Agirrezabal eta Xuban Varona eibartarren artean.
Larunbatean, hilak 12, goizeko 11:00etan Zumarragan, senior kategoriako eskuz binakao  partida ikusgai,  bertako Beloki 2 bikotearen eta EKD Eibar 2ko ordezkarien artekoa.
Eta asteburuko jardunaldiarekin amaitzeko, igandean, hilak 13, goizeko 11:30ean Eibarko Astelena pilotalekuan, senior mailan eskuz binakako partidua, Azkargorta – Conde eibartar bikotearen eta Ataungo ordezkarien artekoa.

Aupa mutilak!!!