XISTERA ARTEAN, MUTRIKUN

Domeka ederra pasatu dugu Pilota Batzordekook. Laurogeita hamar lagunek Mutrikura egin dugu irteera, Denok Bat klubekoekin elkartzeko. Zesta puntari buruzko hainbat kontu ikasi ditugu, probatu eta ikusi.

Goizeko 11:00etan autobusa hartu eta 12:00etarako Mutrikuko frontoian ginen. Han ziren Juanjo Urkiri eta Andoni Agirregomezkorta gure zain, xisterak prest. Ia bi orduko ikastaroa egin dugu haiekin. Txikienak, nagusitxoagoak eta gurasoak azkenik –azken horietako hainbatek gozatu egin dute xistera eskuartean–.

 

Bizi-bizia da zesta-puntaren modalitatea. Jarrera oso bereziak erabiltzen dituzte; gerri-joko arinak; eta beso eta sorbaldako kolpe gogorrak. Pilotak hartzen duen abiadura ez da broma, eta horren lekuko da xisterak egiten duen soinua pilota hartu eta berriro botatzean. Pilotaren boteak ere soinu berezia egiten du, gogorra eta lehorra.

 

Goiz ederra pasatu dugu, eta gosea eginda hurbildu gara Olatzera, bazkaltzeko prest. Parajea ezagutzen ez duenarentzat, esan behar da leku ederra dela, bailara artean ezkutatuta dagoena, berdea, oso gurea. Zelaieta jatetxean bildu gara denok, eta ederto jan ondoren, buelta Mutrikuko frontoira.

Denok Bat taldekoek, bina partiduko bi erakustaldi prestatu dituzte guretzat. Manex Sasian eta Unax Urkiri, Erlantz eta Eñaut Urreistiren kontra lehendabizi. Ekaitz Mendizabal eta Jon Iparragirre, Mikel Manzisidor eta Zuhaitz Arrillagaren kontra ondoren. Ikusgarriak norgehiagoka guztiak. Eskerrik asko, mutilak!

Neskak falta ziren oraingoan, baina badira bai Xisteran aritzen direnak, hamaikatxo. Juanjo Urkiri eta Andoni Agirregomezkortaren esanetan, horretaz jabetzeko aukera paregabea egongo da abenduaren 15ean, Mutrikun bertan jokatuko baita Euskal Herriko zesta-punta txapelketa, eta bertan izango dira Euskal Herriko jokalaririk onenak, neskak zein mutilak. Beraz, gustuko duenak badu plana abenduaren 15erako.

Partidak ikusi eta autobusez buelta egin dugu Eibarrera.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Mutrikuko herriari eta batez ere Denok Bat klubeko kide guztiei, entrenatzaile zein laguntzaile –makinatxo bat egon baitira han inguruan–, eskainitako arreta, goxotasun ta lan guztiagatik. Mila-mila esker!

 


Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude