PILOTA ESKOLAKOAK, ABADIÑOKO TRINKETEA

Lau hormako frontoia da trinketa, eta ezberdina da frontoi arruntetik frontoiak berak dituen bereizgarriengatik, arauengatik eta pilotagatik, besteak beste: lau horma –batzuk kristalezkoak–, frailea, sarea, siloa, teilatua,  pilota arin eta gogorra… Joko bizia da trinketekoa, eta horren lekuko izan ziren iragan larunbatean Eibarko Klub Deportiboko Pilota Eskolakoak.

Ez daude trinket asko Euskal Herrian, baina Eibartik hurbil badago bat: Abadiñoko Tornosolo trinketa. Badu bizia gainera, eta horren lekuko izan ziren bertaratu zirenak  larunbatean.

Goizean, Mikel Gonzalez trinket-jokalariarekin entrenatzeko aukera izan zuten Pilota Eskolako gazteek; azalpenak entzun ostean, pilotak probatu eta frontoian bertan trebatu ziren.

Durangon bazkaldu ostean, arratsaldean, berriz, Nazioarteko eskuz binakako finala ikusteko aukera izan zuten lehenengo (Euskal Herria-Bolivia), eta, ondoren, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko norgehiagoka-erakustaldiaz gozatzeko aukera egon zen.

Eibarko Pilota Eskolatik eskerrak eman nahi dizkiogu Kepa Arroitajauregi Abadiñoko trinketeko arduradun eta Nazioarteko Pilota Batzarreko teknikariari, trinketera hurbiltzeko eta ezagutzeko aukera paregabea eskaintzeagatik.

Egun ederra!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude