Eibarko Itzulia
Eibarko Itzulia bi urtean behin antolatzen dugu Klub Deportibotik eta egun baten Eibar guztiari itzulia egitea du helburu, beti ere mendi gailurretatik pasatuz.
Ibilbidea Klub Deportiboaren egoitzan hasten da eta ordena honetan pasatzen da Eibar inguratzen duten mendietatik: Egoarbitza, Azkonabitza, Galdaramiño, Azurtza auzoa, Topinburu, Illordo, Azitain auzoa, Arrate, Aizketa, Akondia, Garagoitxi, Kalamua, Kalamuako parlamentua, Usartza, Ixua, Urko, Lindari, Amaña auzoa, Eibarko Klub Deportiboa.
Ibilbideak 34 kilometroko luzera du eta 2000 metro inguruko desnibel metatua. Bidea puntu horiz markatuta egoten da eta bi urtean behin berrikusten dugu. Hemen duzu 2019an erabili genuen ibilbidea Wikiloc atarian.
Eibarko Mugarrien Itzulia
2013 eta 2014 urteetan zehar, klubeko hiru mendizalek Eibarko Udaleko Ego Ibarra Batzordearekin batera Eibarko mugarriei buruzko lana egin zuten. Lan horretan oinarrituz 2014 urteko egutegian Eibarko Mugarrien itzuliko bi etapa egin ziren, bata Iparraldekoa eta bestea hegoaldekoa. Itzuli guztiaren GPX fitxategia ere deskargatu daiteke. OHARRA: ibilbide hau ez dago markatuta. Egin zenetik bideak itxita edo aldatuta egon daitezke. Aldatu ez dena mugarrien kokapena da. Mugarri batzuen ingurumariak garbitu egin ziren 2014 eta 2015 urteetan, baina berriz ere inguruak zikin egon daitezke.
PR GI-215 eta PR GI-215.1: Kalamua azpiko ermitak
PR edo Ibilbide Laburrak markatu eta balizatutako mendi ibilbide laburrak dira. Gipuzkoako Mendizale Federazioa arduratzen da homologazioaz eta entitate sustatzaileak beren mantentzeaz.
2020 urtean zehar, Eibar eta Elgoibar artean zeuden bi ibilbideen arteko fusioa proposatu digu Mendizale Federazioak eta horrela, Elgoibarko Morkaiko Mendizale Elkartearekin, Eibarko Udalarekin eta Elgoibarko Udalarekin elkarlanean ibilbide berri bat osatu da, lehengo PR GI-108 eta PR GI-122 ibilbideak elkartuz.
Ibilbidea hauxe da: San Pedro – Kalamuako lautada – Usartza – Akondia baserria – Txabola Pagola – Arrate – Gaztelu baserria – San Pedro.
Ibilbideak bariante bat dauka, Kalamuako lautadara igo gabe San Pedrotik zuzenean Arratera doana (lehengo PRaren ibilbidetik).
Ibilbideak 12 kilometroko luzera du eta 625 metroko desnibel positibo metatua. Punturik altuena Kalamuako lautada da eta baxuena Saturixo erreka (Arrate eta San Pedro artean). Ibilbide osoa marka zuri eta horiz markatuta dago. Ibilbidearen sarrera puntu gisa Usartza, Arrate edo San Pedro erabiltzea gomendatzen da.
Hemen duzue ibilbidearen informazio ofiziala Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean: Gipuzkoa Natura – Kalamua azpiko ermitak.
GR 121 Bizkar Ibilbidea – Gipuzkoako Bira
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gipuzkoako Mendizale Federazioaren ardurapean GR 121: Bizkar Ibilbidearen 2 etapa pasatzen dira Eibartik. GR 121, funtsean, Gipuzkoari bira ematen dion ibilbide luzea da.
Gure herritik etapa hauek pasatzen dira:
- 7. Etapa Mutriku – Eibar: Mutrikun hasi eta Kalbario gainetik, Arno mendigunea gurutzatuz Arnoateraino doa ibilbidea. Handik Urkaregi gainetik zehar Hiruitturira doa eta bertatik Kalamuako lautadara. Bertatik Usartzan zehar lehenengo eta Santa Kurutzetik ondoren, Asua Errekan zehar Barakaldo kalera jaisten da.
- 8. Etapa Eibar – Arrasate: Barakaldo kalean hasita, Iparragirren zehar Sautsira doa ibilbidea. Bertatik, Salbador ermitara igotzen da lehenengo eta Azurtzara ondoren, Azkonabitza inguratuz Karabieta gainera iritsiz. Handik Elgetara jaitsi Asentzioraino eta bertatik Kanpazar gainera. Han Udalaitz inguratuz, Arrasateko Udala auzora heltzen da.
GR 123: Bizkaiko Bira
Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ibilbide luze honek Bizkaiari itzulia egiten dio. Ermutik Ondarroara doan etapa Eibartik pasatzen da, hain zuzen ere Elorreta baserrietatik gora Urkora doan bidean zehar doa ibilbidea. Gailurra egin beharrean beheko aldetik “kateen bidea” deitutakotik doa bidea Ixura eta handik Usartzara. Hemendik aurrera, Gipuzkoako GR 121ren ibilbidearekin bat egiten du Arnoateraino, bertan Ondarroarantz desbideratuz. Ibilbidearen xehetasunak Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunean eta Bizkaiko Mendizale Federazioarenean aurkitu ditzakezu.