Guztira 55 izan ziren pasa den igandean Kanpazar-Besaide-Udala arteko 9,5 km-ko ibilaldia burutu zuten haurrak.
Goizean goizeko behelainoa desegin bezain pronto, egun argitsu eta freskoarekin eman genituen eguneko aurreneko pausoak. Kanpazar gaineko harrobia atzean utzi eta erabat lokaztutako pista zabal batean barneratu ginen, Santa Luzia baselizarako bidegurutzera iritsi eta bertan Artadi (509 m) tontorra gainditzeko.
Handik, azpiko pistara bueltatu eta Besaidera (555 m) jo genuen, Gipuzkoa-Bizkaia-Araba elkartzen diren puntura, hain zuzen.
Ordurako, eguzkia jaun eta jabe zen, hamaiketakoarentzako tartean giroa goxotuz. Aurrez aurre Anboto, ikusgarri, harrizko piramide perfektua!
Giro atseginaz gozatu eta makina bat argazki atera ondoren, bideari berrekin genion, Arrasateko Udala auzora arte, bertan etxera eramango gintuzten bi autobusak zain genituelarik.
Hurrengo irteera, ikasturteko bosgarrena, 2026ko urtarrilaren 18an izango da: Orio – KUKUARRI (337 m) – Igeldo. Ikusi umeen irteeren egutegia hemen.



















































































































































































Utzi erantzuna